Atzetik aurrera eginez igo da koska gorenera. Seigarren zen azken etapa falta zela. Hamalau segundora zuen liderra, Sergio Luis Henao kolonbiarra (Sky). Aurretik zituen ere Diego Ulissi (Lampre), Bart De Clercq (Lotto Soudal), Davide Formolo (Cannondale) eta Ben Hermans (BMC). Baina azken etapak, 24 kilometroko erlojupekoak, inori mesede egiten bazion, hari egiten zion. Eta haren herriko zakurrak bezala, aurkari guztiak harrapatu eta pasa ditu. Marcin Bialoblocki poloniarra izan da azkarrena erlojuaren aurka, eta zazpigarren Ion Izagirre, 1.24ra, nahikoa Poloniako Itzulia irabazteko.
Ia bi urte ez zuela euskal txirrindulari batek World Tourreko lasterketa bat irabazten. Beñat Intxausti (Movistar) izan zen azkena. Muxikakoak Pekingo Itzulia irabazi zuen 2013ko urrian.
Pozez gainezka zen Ormaiztegikoa podiumetik jaitsi berritan. «Oso garrantzitsua da World Tourreko edozein proba irabaztea. Nire kasuan, gainera, lehen aldiz irabazi dut astebeteko lasterketa bat, non eta Polonian, bitan bigarren izan nintzen tokian. Baina azkenean igo naiz podiumeko koska gorenera, eta oso-oso pozik nago. Banekien erlojupeko ona egin nezakeela, eta zorionez, bikain atera da dena».