Tromsorena Ipar Polotik gertuen dagoen Lehen Mailako estadioa da. Hiria bera Artikorako espedizio eta txango gehienak handik irteten direlako da ezaguna. Gaur 11 gradu inguru espero dira, eta partidan behera egingo du tenperaturak. Mahuka luzeko elastikoa, beraz. Ez da bero bila joateko tokirik egokiena, baina Athleticek hori behar du, zaleen aldartea -eta bide batez taldearena- epeltzea. Denboraldi-aurrea ez da ona izan, Young Boys baino gutxiago izanda kanporatu zuen Suitzako taldea, Bartzelonaren aurka ezinean aritu zen eta Tromsoren aurkako joanekoa kalbarioa izan zen. Athleticek gaur du liga hasi aurretiko lehen albiste ona jasotzeko aukera. Aldiz, galduko balu, hotza eta urduritasuna areagotuko lituzke. Denboraldi osoan Europan egoteko aukera baliatu ez zela entzutea Artikoko gau luzea bezalakoa litzateke.
Hain iparraldera dagoen zelai bat belar artifizialekoa behar du izan ezinbestean. Kasu honetan, baina, eta agian San Mamesen irabazteko pasatutako komerien ondorioz, zelaiak ez du Young Boysen aurkako kanporaketan adina zeresanik eman. Tromsorenak eta Suitzakoak antzeko ezaugarriak dituzte. Norvegiarrena askoz handiagoa da. 110 metro luze da eta 70 metro zabal. Guztira zelaiak San Mameskoak baino 500 metro koadro gehiago ditu. Non kabitu ez edukitzeagatik ez da izango. Ate atzeetan, gainera, ez dago harmailarik, eta haize hotz-hotzak libre joko du.
Hobe zain egotea
Tromsok ondo jokatu zuen San Mamesen, eta bi aldiz aurreratu zen -0-1 eta 1-2-. Joanekoan Athleticek hartu zuen jokoaren ekimena, eta norvegiarrak oso eroso aritu ziren kontraerasoan. Jokalari biziak dituzte, Moldskred nabarmendu zen, eta min handia egin zuten baloia lapurtu zutenean. Gaur, baina, gidoia aldatu egingo da. Tromsok du gola sartzeko ardura, eta ezingo du itxaron. Baloia hartu beharko du, eta horrek bi taldeen arteko aldea azalera dezake.
Hamaikakoari dagokionez, Joaquin Caparrosek joaneko partidako eta denboraldi-aurreko lehia garrantzitsuetako bera erabiliko du. Zalantza pare bat izan dezake, Ociok kolpe handia hartu zuelako belaunean eta Toquerok San Mamesko partidako bueltan eragin handia izan zuelako. Ocio sendatuko ez balitz, bi aukera edukiko lituzke Caparrosek: Mikel San Jose, batetik -bide batez aurreneko minutuak jokatuko lituzke elastiko zuri-gorriarekin-, eta Ustaritz, bestetik. Halere, litekeena da aldaketa askorik ez egotea eta Gasteizko erdiko atzelaria eta Iker Muniain gaztea aritzea hasieratik.
Harmailak bete egingo dira. UEFAren segurtasun arauak direla medio, 6.000 ikusle baino ez dira egongo harmailetan, eta aspaldi saldu zituzten sarrera guztiak. Etxeko taldeak ere ilusioa handia du Europa Ligan, eta Tromsoko jokalariek Athletic kanporatzeko gai direla nabarmendu dute. 1-0 irabaztea aski dute, eta denboraldiari pizgarri bat emango liokete, etxeko ligan ez baitabiltza oso fin. Aurreko sasoian hirugarren izan ziren, baina egun bederatzigarren postuan daude, jaitsiera postuetatik sei puntura. Etxean jokaturiko azken partidan 0-1 galdu zuen, Lehen Mailara igo den talde baten aurka. Ilusioa, baina, ez da aski, eta logikak dio San Mamesen galdu zutela euren aukera.
Partidako giltzak
1. Ekimena, Tromsok. Tromsok ondo etagustura jokatu zuen kontraerasora San Mamesen. Gaur, baina, etxekoek hartu behar dute ekimena.2. Golik ez jasotzea. Athleticen lehen helburua da. Atea hutsean utziz gero, aurrera egingo du Bilboko taldeak.
3. Zelaia, erraldoia. 110 metro luze eta 70 metro zabal da. San Mamesek baino 500 metro koadro gehiago ditu. Belar artifizialekoa da.
Denboraldi osoko aurrekontua oreka dezakeen kanporaketa
Kirol arloan partida garrantzitsua da gaurkoa Athleticentzat, baina baita gizarte eta ekonomia arloetan ere. Fernando Garcia Makua garrantzi hori nabarmendu zuen atzo. «Taldearentzat oso garrantzitsua da aurrera egitea [bihar jakingo luke multzoko aurkariak nor diren]. Gizarte egoera zailean gaude, eta, irabazita, urrirako edo azarorako aurrekontua orekatzeko aukera izango genuke. Hori oso garrantzitsua litzateke, beste urte batzuetan ahalegin handiak egin behar izan ditugulako gastuei aurre egiten joateko». Jokalariei presioa kendu nahi bazien, mesede txarra egin zien; baina, azaldu zuenez, Europa Liga diru iturri oparoa da. «Txapelketa eredu berri bat da, behin multzokako fasean sartuta irabazi ekonomiko batzuk ematen ditu UEFAk, eta gero gutxienez etxean beste hiru partida antolatzeko aukera izango genuke».Kirol arloaz hitz egitean taldeak aurrera egingo duela «ziurtzat» jo zuen, eta ez pasatzea «bizkarreko» handia litzakeela onartu. Taldeko giroa ere azpimarratu zuen, eta aurreko sasoiko Espainiako Kopako kanporaketa batzuetan sumatu zuen bera dela esan.
Bukatzeko, jokalariez mintzatu zen, eta fitxaketa gehiago ez dituztela egingo aurreratu zuen, eta Zubiaurreri utzita joateko taldea bila dezala esan diotela aitortu. Lortuko ez balu, «taldeko beste jokalari» bat izango da, fitxa eta guzti. Azkenik, Etxeitari «inoiz» ez diotela irteerarik bilatu esan zuen. Erdiko atzelariak bere garaian adierazi zuenez, Caparrosek berak esan zion taldea bilatzeko.