Caja Laboral Baskonia. Heurtel (8), Oleson (5), San Emeterio (4), Teletovic (15), Seraphin (9) —hasierako bostekoa—; Ribas (8), Prigioni (14), Milko Bjelica (2), Williams (6), Dorsey eta Nemanja Bjelica (2).
Bartzelona. Huertas (11), Navarro (24), Erazem Lorbek (12), Mickeal, Ndong (12) —hasierako bostekoa—; Sada (5), Vazquez (2), Wallace (5), Ingles (2) eta Eidson (9).
Markagailua. 20-25, 42-38 (atsedenaldian); 59-58 eta 73-82.
Epaileak. Perez Pizarro, Condeeta Jimenez. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 7.800 ikusle inguru Bilbo Arenan.
Txapelik gabe, baina egindako lanarekin kontent. Sentsazio horrekin ekingo diote liga bezperako asteari Baskoniako jokalariek, arabarrak askok espero baino hobeto aritu baitira Superkopan. Finala jokatu dute, eta duintasunez egin diote aurre ligako eta Europako talde onenetakoari, Bartzelona ahaltsuari. Haien pare ibili ziren 33 minututan, baina partida hondarreko itzalaldiak, saskia bilatzeko ezinak, alferrikako egin zuen aurreko lan guztia. 65-58 zen aurretik Baskonia partida bukatzeko zazpi minutu falta zirela. Panorama ona, baina Bartzelonak 13-0eko partziala lortu zuen aurrena, eta 25-8koa azken tarte horretan. Hantxe urtu zen Baskoniaren kemena, eta amore eman behar izan zuen kataluniarren joaren aurrean.
Aho zapore gazi-gozoa utzi du finalak, Baskoniak nahiko gertu eduki zuelako inork aurreikusten ez zuen txapela, baina bakoitzari berea eman behar zaio. Bartzelona uste baino gertuago dago, eta hori ona da, Pascualen taldeak Superkopa hanka batekin irabaziko zuela iragartzen baitzuten aditu gehienek. Ez zen hala izan, eta gauza ona da hori. Are gehiago Baskoniak taldea eraiki ostean sortutako zalantzak gogoan. Bi partida jokatu ondoren erraza delako loreak botatzea, baina orain bi egun nagusi ziren kritikak, zalantzak, esperimentuak kritikatzeko joera. Superkopak erakutsi du Baskoniak talde ona egin duela, baliabide asko eta onekin, eta denboraldiak aurrera egin ahala onenen pare egon beharko lukeela. Ezkortasuna baikortasun bilakatu da, eta garrantzitsua da hori.
Nork pentsatuko zuen Baskoniak Bartzelonari enbidoa botako ziola? Txapeldunak finalerdian Real Madrili justu samar irabazi ostean sumatu zen Pascualen taldea ez zegoela bere sasoi puntu onenean, baina, halere, asko jokatu behar da haiei aurre egiteko. Eta hala egin zuen Baskoniak hasieratik. 6-12 aurreratu zen Olesonek eta Teletovicek hiruko bana saskiratuta. Defentsa lanean lo kantxaratu ziren bi taldeak, eta ia eraso guztiak bukatzen ziren saskiratzeekin. Lehen zazpiak gauzatu zituen Baskoniak. Bartzelonari kosta egin zitzaion hain eraginkor izatea, baina Eidsonek eta Navarrok 0-8ko partziala lortu zuten. Eidsonek berak itxi zuen lehen laurdena, beste hiruko batekin: 20-25 Bartzelonaren alde.
Ehun puntutik gorako proiekzioa zeraman finalak, eta espero zena gertatu zen: gogortu egin zen partida bigarren laurdenean. 20-27 aurreratu zen Bartzelona, baina Baskoniak 10-0eko partziala lortu zuen Reggie Williamsek lortutako lau puntuei esker. Hegalekoaren lehen puntuak izan ziren Baskoniarekin. Bartzelonak 13 puntu bakarrik lortu zituen bigarren laurdenean, lehenengoan lortutako erdiak, eta Ivanovicen taldea lau punturen aldearekin iritsi zen atsedenaldira. Bartzelonak hamar baloi eman zituen bi laurdenetan, Baskonia defentsan ondo ari zen seinale.
Hirugarren laurdena izan zen politena. Batek kolpea eman, besteak erantzun. 44-42 aurreratu zen Bartzelona, eta Boni N'Dong jokalari onenaren saria irabazteko merituak egiten hasi zen. Ederra izan zen Baskoniako Kevin Seraphinekin eduki zuen lehia, baina frantziarra ez zen kikildu. Sei berdinketa egin ziren laurden horretan, eta bukaeran ere handia zen parekotasuna: 59-58 Baskoniaren alde, Prigionik puntu bateko bi jaurtiketa gauzatuta.
Navarro borrero berriro
Joko antolatzaile argentinarrak piztu zuen itxaropena Miribillan bildutako zaleengan. Aitaren batean, bi hiruko saskiratu zituen, bigarrena Victor Sada gain-gainean zuela, eta zazpi punturen aldea eman zion bere taldeari: 65-58, eta zazpi minutu eskas finala bukatzeko. Bartzelonaren eraso pare bati eustea eta erasoan pazientziaz jokatzea zen gakoa, baina dena atera zen aldrebes. Bi aukera galdu zituen Baskoniak aldea handitzeko, batez ere Bartzelona defentsan estutzen hasi zelako. Horri esker konfiantza hartu, eta egurrean hasi zen Pascualen taldea. Navarroren bi hiruko eta Lorbeken beste bat; Bartzelonak lau punturen aldea lortu zuen.
Baskoniak dena zeukan alde, baina hiru minutu geroago, dena zeukan aurka. Burua, ideian sorburua, argitasuna eta patxadaren jatorria ilundu zitzaion, eta bost jokalditan egin zuen kale errenkadan. Kale, eta ez nolanahi, bost eraso horietan ez baitzen gai izan jaurtiketa bakar bat egiteko. Jabetzerako, ihes egin zuen Bartzelonak, eta Baskonia falten bonusean sartuta zegoela baliatuz, batere arazorik gabe kudeatu zuen norgehiagoka bukaera.
Juan Carlos Navarro izan zen Baskoniaren borrero hamaikagarrenez. Parean Brad Oleson edo Pau Ribas eduki, maisutasuna erakutsi zuen berriz, eta bere puntuek eman zioten garaipena Bartzelonari. Kazetariek eskoltari eman zioten jokalari onenaren saria, baina Boni N'Dong pibotak ere merezimendu nahiko egin zuen: 12 puntu eta 10 errebote. Nabarmentzeko moduko lana egin zuten Lorbekek, 12 punturekin, eta Chuck Eidsonek, bederatzi punturekin —bi hiruko erabakigarri—.
Baskoniari dagokionez, gauza onak eta txarrak. Bilbo Basketen aurkako finalerdian ere garbi ikusi zen gorabehera frankorekin ari zela, zer hobetu asko duela, eta finaleko azken zazpi minutuetan errepikatu zen hori. Arrazoi bategatik edo besteagatik, Miribilla jo zuen beroan urtu ziren gasteiztarrak, eta ilunabarrarekin bat, iparra galdu. Prigionik itxura ona eman du, eta, aste pare batean, txalo bihurtu ditu zale askoren txistuak. Dorsey eta Reggie Williamsek denbora asko beharko dute, baina Baskoniako jokalari bat aipatze aldera, Kevin Seraphin aipatu behar da.
Pibotak hamar puntu eta zazpi erreboteko batez bestekoak lortu ditu kantxan 25 minutu egonda. Indartsua da saskipean, bere puntuak egiteko gaitasuna, eta aurkariaren barneraketak uxatzeko gai da bere kemenari esker. Ikusteko dago zenbat denbora egingo duen Gasteizen, baina hasi, bikain hasi da.
Saskibaloia. Espainiako Superkopa. Caja Laboral Baskonia 73. Bartzelona 82.
Iparra galdu dute
Baskoniak 33 minutu on eta zazpi txar egin ditu, eta txapelik gabe geratu da; Bartzelonak 25-8ko partzial garbia lortu du bukaeranKontent egoteko motiboak ditu Baskoniak, espero baino hobeto aritu baita Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu