Irabaz dezala behingoz

Vettelek ez du izan aurkaririk Monzan, eta Singapurren edo Japonian izan daiteke txapeldun

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gidari batek halako nagusitasunarekin irabazten duenean, lasterketak ez dira horren erakargarriak. Oso lehia polita egon daiteke podiuma nor osatuko duen ikusteko. Eta, agian, azken puntua nork eramango duen azken itzulian erabaki daiteke, mugara eramandako borrokan. Atzealdeko gidariek guztia eman dezakete postu bat irabaztearren. Beti dira bi edo gidari gehiagoren arteko norgehiagokak. Baina lehia erakargarriena garaipena jokoan duten gidarien artekoa da. Halakorik ezean, lasterketak indarra galtzen du. Eta halaxe dabil Sebastian Vettel, udako makalaldia gainditu ondoren.

Zorionez edo zoritxarrez, Vettel izango da munduko txapelduna laster. Matematikak dio datorren lasterketan bertan gerta daitekeela hori; Singapurko gaueko lasterketan, hain zuzen. Txiripa handia behar da hori gertatzeko, baina Red Bullekoek diote ez dutela erritmoa jaitsiko; aurrerako lasterketetan jarrera berarekin aterako direla pistara, aurkariei aurrea hartzeko asmoz. Lau lasterketako aldea ateratzen dio Vettelek Fernando Alonsori, bigarren sailkatuari. Horrek esan nahi du Singapurren ez bada, hurrengoan, Japonian, ia seguru irabaziko duela titulua, bigarrenez.

Titulua horren goiz erabakitzeak erakargarritasuna kenduko dio txapelketari, lasterketan garaipenerako lehiarekin gertatzen den bezala, txapelketan titulurako borroka delako gozoena. Bigarren eta hirugarren sailkatuen izenak inork ez ditu gogoan. Alde horretatik, berri txarra litzateke. Baina ez gaitezen engaina: tituluak aspalditik du jabea, eta ziurtasun hori atzeratzeak ez du inolako mesederik egiten. Hobe da jakina dena lehenbailehen berrestea, lasterketak irekiagoak izan daitezen. Horixe baita Vettelen bigarren tituluak ekarriko duen ondorio ona: emozio handiagoa egongo da lasterketetan.

Beti gertatu ohi da, eta aurten ez da aldatuko: titulua irabazi duenak erritmoa jaisten du. Ziurrenik, Vettelek irabaziko du besteren bat, urteko azkena irabaztea motibazio berezia izaten baita, edo Indiako lehen sari nagusian garaipenak ematen duen sona interesatuko zaielako berari eta taldeari. Baina Alonsok, Lewis Hamiltonek, Jenson Buttonek, Mark Webberrek eta Felipe Massak aukera gehiago izango dute orain artekoa txukuntzeko. Titulua irabazteko emozioa galduko da, baina lasterketena berreskuratzea ez da gutxi izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.