San Antonio 27. Taremblay 23

Irabazi bai, erabaki ez

Amaya Sport San Antoniok lau golen aldeaz irabazi dio Tremblayri Europako Errekopako finalerdietako joaneko partidanKanporaketa irekita dago, eta gogor egin beharko dute lan nafarrek itzulikoan

Alberto Agirrezabalaga, gola sartzear, atzo, Tremblayren aurkako finalerdietako joanekoan. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Guardiola (2), Humet (3), Victor Alvarez (3), Urdiales (2), Rasic (7, 1p), Agirrezabalaga (2) —hasierako zazpikoa—; Lucau, Sevaljevic, Borragan (3), Mindegia (2), Varga eta Eloy (3).

Tremblay. Mias, Drouhin (4, 1p), Poulinn(3), Prat, Guillard (5), Peyrabout (3), Bingo (4) —hasierako zazpikoa—; Pocuca, Zuzo, Sall (1), Waeghe, Sacko eta Mongin (3)

Markagailua. 2-2, 4-4, 6-6, 8-6,11-8, 12-11 (atsedenaldian); 15-11,17-15, 21-15, 23-17, 25-18, 27-23.

Epaileak. Leifsson eta Palsson (Islandia). Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Borragan eta Meoki (2); eta Tremblayko Drouhin, Prat, Sacko, Peyrabout(2) eta Bingo (2).

Bestelakoak. 1.200 ikusle inguru Iruñeko NUPeko pabiloian.

Beste finalerdia. Gummersbach-Vardar Skopje (33-21).

Amaya Sport San Antoniok lehen urratsa egin du Europako Errekopako finalerdietako kanporaketa gainditu, eta finalerako sailkatzeko. Joanekoa jokatu zuen Iruñeko taldeak atzo bere pistan, Tremblay Frantziako taldearen kontra, eta 27-23 nagusitu zen. Lau golen aldeaz irabazi zuen Juanto Apezetxeak zuzendutako taldeak, baina ez da nahikoa kanporaketa bideratuta dagoela erran ahal izateko. Itzulikoan gogor egin beharko dute lan nafarrek finalean sartzeko.

Batez ere, frantziarren defentsa sendoari egin beharko diote aurre nafarrek. Iruñean ere arazo anitz sortu zizkion Tremblayren defentsako lan horrek San Antoniori. 5-1eko sistema baliatuz, anitz moteldu zuten frantziarrek nafarren jokoa, eta, ondorioz, ez zioten utzi San Antoniori bere kontraerasoari etekina ateratzen, bereziki lehendabiziko zatian.

Iruñeko taldea ongi aritu zen defentsan eta atean, eta, horri esker, partidaren kontrola bere esku hartu zuen, eta aurretik jarri zen markagailuan. Lehen zatian, hala ere, aldea, gehienez ere, bi golena izan zen nafarrentzat. Defentsan egindako lan gogorrari etekina atera zioten frantziarrek, eta segida eman zioten erasoan. Pibotarekin jokatzen ederki asmatu zuen Tremblayk, eta arriskuan jarri zuen etxekoen nagusitasuna.

Frantziarren mehatxua, dena den, ez zen gauzatu. Apezetxeak pistara atera zuen Mindegia, eta erdikoa pizgarri izan zen taldearentzat. Defentsa aurreratu zuen San Antoniok, halaber, eta, horrela, jokoa berriz orekatzea lortu zuten Iruñeko jokalariek. Atsedenaldian 12-11 zegoen markagailua, nafarren alde.

Gehiago nahi, baina ezin

Etenaldiak on egin zien iruindarrei, eta bigarren zatia hasi bezain pronto argi erakutsi zuten pistan partida irabazi bertze asmorik ez zutela. Ristanovicek atean egindako lana erabakigarria izan zen nafarrentzat, kontraerasoa baliatzeko aukera eman zielako. Rasicek, batez ere, ederki asmatu zuen frantziarren atea zulatzen. Horri esker, aldea handituz joan zen markagailuan, eta zazpi golena ere izan zen hainbat unetan, San Antoniorentzat.

Tremblayko jokalariei kosta egin zitzaien egoerari buelta ematea. Nafarren erasoari aurre egiteko ezinean agertu ziren zenbait unetan pistan. Joko gorabeheratsua erakutsi zuten, baina, hala ere, Drouhinek eta Guillardek kanpotik egindako jaurtiketek lortu zuten frantziarrei aire pixka bat ematea. Markagailuan hurbildu, eta, ondorioz, kanporaketa erabakita uzteko aukera ez zion eman Tremblayk San Antoniori. Etxeko jokalariek erasoan hainbat huts egin zuten, batetik, eta frantziarren atezain Pocucak hutsean utzi zituen nafarren hainbat jaurtiketa, bertzetik. Zenbait unetan zazpikoa izandakoa aldea, beraz, lauko bilakatu zen norgehiagokaren amaieran. 27-23 amaitu zen partida.

Dena, beraz, Frantziako itzuliko norgehiagokan erabakiko da, datorren asteburuan, hilaren 30ean alegia. Lau golen aldea izanen dute nafarrek Tremblayren defentsa gogorrari eta aurkariaren pistako giroari aurre egiteko. Gogor egin beharko dute lan iruindarrek, eta, batez ere, anitz sufritzeko gaitasuna erakutsi beharko dute. San Antoniok, gainera, ez du oroitzapen onik Frantziako partidei dagokienez. 2003. urtean Txapeldunen Ligako finala galdu zuen Iruñeko taldeak Montpellierren, joaneko partidan etxean zortzi golen aldea lortu eta gero.

Final horretan aritu ziren hainbat jokalari, hain zuzen, NUPeko pabiloian zen atzo. Jackson Richardson jokalari ohi frantziarra Iruñean izan zen, eta harekin egin zuten bat kiroldegian Xabier Mikel Errekondok, Alberto Martinek, Oleg Kisselevek eta San Antonioko egungo kirol zuzendari eta jokalari ohi Alvaro Jauregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu