Aurreko urteetan baino arreta handiagoa bereganatuko du aurten KAE1 ligak. Arraun munduko herri loriatsueneko zaleak liga horretara begira egongo dira. Orio dago arraun ligen arteko bigarren mailan aurten, aurreko denboraldian sekulako danbatekoa hartu eta gero San Miguel ligan.
Normala den bezala, oriotarren jiran mugituko da aurtengo lehiaketa. Igo beste aukerarik ez du, eta helburuhori lortu ahal izateko, arraunlari multzoa erakarri du tostetara. Ez dira edozein Mikel Portularrume, Miguel Angel Millares, Asier Karbaieda, Xabier Bereziartua, Arkaitz Goñi, Javier Polo eta Igor Makazaga. Azken hori izango dute entrenatzaile, San Juanen lan bikaina egin eta gero.
Arraunlari horietako gehienak —Karbaieda, Polo eta Makazagaz beste denak— Orion ibiliak dira lehen ere, eta berreskuratu egin ditu klubak, hil edo biziko kirol helburua lortu ahal izateko. Kuadrilla hori bere horretan hartu eta San Miguel ligan lehiatzen jarriz gero, banderen lehian ibiliko zela ez da dudarik.
Horiek horrela, liga bat beherago bereak eta bi egin behar lituzke. Bandera denak irabaztea ez litzateke harritzekoa izango. Gainerako traineru eta arraunlari guztiek errespetu gorena merezi dutela baztertu gabe esan daiteke Oriorena. Memoria dantzan jarriz gero, ia ziurrenik Oriorena izango da KAE1ean inoiz lehiatu den arraunlari multzo indartsuena, talde bikainak aritu badira ere lehenago: Kaiku eta Astillero, esaterako.
Zerutiarra edo galaktikoa, eta beste guztiak. Eta gainerakoen artean zer? Horiek ere arraunlari dira, eta denek egin dute udazken-negu-udaberrian egundoko lana puntu-puntuan egoteko udan. Multzo handi horretan, batzuk besteak baino gehiago nabarmentzen dira. Liga honetako handietan handiena baino koska bat edo bi beherago egon arren, ontzi on askoak dira Isuntza, Santurtzi eta Donostiarra, esaterako.
Kirolean, teoria praktikaren aurretik botatzea arriskutsua bada ere, hiru horiek ibili beharko lukete Orioren gerizperik hurbilenean. Hiruko horretan, Isuntza izan daiteke fidagarriena, azken urteetako taldeari eusteaz gain gutxi bezain txukun indartu duelako arraunlari multzoa. Santurtziren inguruan, beti egoten da ikusmina azken urteetan, eta aurten, Pedro Gabantxoren aginduetara aurrekoetan baino emaitza hobeak lortzen saiatuko da. Azkenik, Donostiarra dago. Iazko taldeari arraunlari interesgarriak gehitu dizkio, eta San Miguel ligara igotzeko kanporaketan sartzeko hautagaietako bat da; lehen bi sailkatuek izango dute kanporaketa jokatzeko aukera. Itxuraz, Orioren eta beste hirukote horren artetik aterako dira bi traineruak.
Beherago, multzo handia pila daiteke ohorezko postuen bila. Zarautz da hor goialdera azaltzeko hautagaietako bat, kopuru aldetik talde motz samarra osatu arren. Beste gainontzean, galderaren ikurra jarri behar zaie gainerakoei. Deustu eta Camargo, esaterako, multzo horretan daude, baita Hondarribia B eta Santoña ere. Aurreko denboraldian KAE2tik gora egin zutenak ere, Getaria eta Ondarroa, beste horiekin jarri beharrekoak dira.
Irabazi beharrak baldintzatuko du liga. Batetik, Oriok dauka premia larria, eta irabazi egin behar du. Bestetik, beste hautagaiek aparteko motibazioa izango dute izarren taldea menderatzeko: «Irabazi behar zieagu!».
Eremu onak eta fidagarriak
Hamabi estropadak osatzen dute egutegia, eta ondoren izango dira kanporaketak; ez jaistekoa azken-aurrekoak jokatuko du KAE2ko bigarren eta hirugarren sailkatuekin. Ligako azkena zuzenean jaitsiko da azpiko mailara.
Hamabi lehia, hamabi lekutan. Eta onak bezain fidagarriak ia denak. Elantxobe, Donostia, Hondarribia, Zarautz, Orio, Ondarroa eta Getaria ez dira edozer eremu arraunean egiteko. Gainera, itsasoan izango dira ligako estropada gehienak, eta horrek ere aparteko erakargarritasuna ematen dio lehiari. Arraunak itsasoan behar du, horixe du sorburu eta bizigarri, eta liga hau eredugarria da horretan.
Gutxi dira aukeran estropadak, eta horrek esan nahi du ezin dela huts handirik edo nabarmenik egin. Ez gorako lehian, ez behekoan. Hanka sartzen duenakitxura gabe, garesti ordainduko du. Eta horretan ez dago inor salbu. Ezta Orio bera ere. Arriskutsua da, alde horretatik, KAE1 liga. Horrek ere erakargarri egiten du, eta gertutik segitu beharrekoa izaten da urtero.
Arrauna. KAE 1 liga
Irabazi beharraren bi alderdiak
KAE1 liga gaur hasiko da, Elantxoben, eta hamabi traineruen artean bat nabarmentzen da: Orio historikoaLigako lehen bi sailkatuek San Miguel ligara igotzeko kanporaketa jokatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu