Irabazi edo akabo

Kirolbet Baskoniak nahi eta nahi ez hartu behar du mendean gaur Buesa Arenan CSKA Mosku, Euroligatik kanpo geratu nahi ez badu

Julen Etxeberria.
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Irabazi edo akabo. Ataka estuan dago Kirolbet Baskonia. Gasteizko taldeak gaur jokatuko du Buesa Arenan CSKA Moskuren aurka Euroligako final-laurdenetako laugarren partida (20:30, Movistar Deportes), eta derrigorrean irabazi behar du. Garaipena lortu ezean, agur esango dio Euroligari, eta min gehien emango dion horri: Europako kluben arteko lehiaketa nagusiaren Lauko Finala etxean jokatzeko aukerari. Irabaziz gero, ordea, bosgarren neurketa behartuko luke. Datorren asteazkenean jokatuko luke, Moskun, 19:00etan hasita.

Aurkari indartsua ez ezik, estatistikak ere kontra ditu Gasteizko taldeak. Izan ere, 2008-2009ko denboraldian final-laurdenen sistema martxan jarri zenetik, inoiz ez da sailkatu Lauko Finalerako kantxa faktorea kontra izan eta hirugarren partida bukatuta atzetik zen taldea. 21 alditatik guztietan geratu da bidean 2-1 galtzen ari zena. Oso gutxitan sailkatu da, halaber, kantxa faktorea kontuan hartu gabe 2-1 galtzen ari zen taldea; 30 aldietatik lautan baino ez.

Hain zuzen, Baskoniak sufritu zuen hori lehen aldiz, 2009an, Bartzelonaren kontra. Gasteiztarrek 75-84 irabazi zuten lehen partida, Palaun; Bartzelonak 85-62 irabazi zuen bigarrena, kantxa berean; Buesa Arenan, berriz, 69-62 nagusitu ziren etxekoak; baina hurrengo bi norgehiagoketan katalanak gailendu ziren —63-84 Gasteizen, eta 78-62 Palaun—, eta arabarrak Lauko Finalaren atarian geratu ziren. Ordutik, beste hiru taldek bakarrik irauli dute2-1ekoa: Panathinaikosek Maccabiri, 2012an; Bartzelonak Panathinaikosi, 2013an; eta Olympiakosek Anadolu Efesi, 2017an. 2-1ekoa irauli duten talde guztiek etxean jokatu zuten bosgarren partida. Baskoniak, ordea, Moskun jokatuko luke neurketa erabakigarria; oso kontuan hartzekoa da hori. Argi dago: mirari kutsua luke Gasteizko taldea Lauko Finalerako sailkatzeak.

Bigarren partidan bezalaxe

«Gu baino oldarkorrago atera dira kantxara. Guk, gainera, gaizki ekin diogu partidari, eta CSKA bezalako talde indartsuen aurka ezin duzu eskas jokatu minutu bat bera ere». Velimir Perasovicek oso argi zuen zergatik galdu zuen Baskoniak herenegun hirugarren partida, etxean jokatu zuen lehena.

Gasteiztarrek bosgarren partida behartzeko aukeraren bat izan nahi badute, bigarren norgehiagokan erakutsitako indarra, grina eta kontzentrazioa azaleratu beharko dituzte berriz ere. Halaber, eraginkor aritu beharko dute, eta taldeko zenbait jokalarik aurrerapausoa eman. Poirier bikain ari da, baina zenbaitetan taldekideen laguntza falta izan zaio. Gaur da eguna, bigarren partidan egin bezala, aurrerapausoa eman dezaten. Asmo horretan, ikusteko dago Janningek zer-nolako ekarpena egin dezakeen. Mina du oinazpian, eta ikusteko dago zenbat joka dezakeen gaur. Herenegun, taldeak nabaritu egin zuen haren falta azken txanpan.

Euren onena emateaz gain, arerioak bere onena ez ematea beharko dute. Adibidez, gertutik zaindu beharko dute De Colo, azken partidan haren lana —28 puntu sartu zituen— erabakigarria izan baitzen CSKA Moskuk garaipena lor zezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.