Kontuak garbi daude, eta ez da gutxi. Gescrap Bizkaiak irabazi beste erremediorik ez du, Euroligan jarraitu nahi badu. Galduko balu, Atenasen Cantuk garaipena lortu zain geratu beharko luke, greziarren garaipenak ezinezko egingo bailuke bizkaitarren ahalegin oro azken jardunaldian. Patuaren keriak dira. Patuarenak, edo egin gabe utzitako etxeko lanenak. Akats gisa ere har daitezke. Etxean Fenerbahce eta Canturen auka galdu izana, adibidez. Orain porrot haiekin gogoratzea alferikakoa da, ordea. Gaurko deman jarri behar dute burua, eta bizirik jarraitzeko asmo bakarrarekin kantxaratu.
Ez da lan erraza izango. Fenerbahce da, gaur-gaurkoz, A multzoan sasoi puntu onenean dagoen taldea, eta Top 16ko txartela lotzeaz gain, multzo buru izateko aukera ere esku-eskura izango du seigarren garaipena lortuz gero. Bilbon irabazi zuten orain hilabete pasa, eta Gasteizen luzapenean bakarrik belaunikarazi ziren. Ondoren hiru garaipen lortu dituzte errenkadan: Cantu, Olympiakos eta Nancy, eta apasa den astean hankapean ibili zuten Frantziako taldea, 53-73 irabazteko.
Fenerbahcek hutsune garrantzitsua izango du, Thabo Sefolosha suitzarra NBAra itzuli baitzen astebete atzera. Itxuraz, taldeak ez du sobera nabaritu hegalekoaren hutsunea, baina bistan da, haren parte hartzerik gabe handiagoa izango dela Bizkaiaren aukera. Katsikarisen taldeak ere hutsune garrantzitsua dauka: Raul Lopez. Kataluniarrak giharretako arazoekin jarraitzen du, eta ez dago bete-betean jarduteko moduan.
Aaron Jacksonek minutu asko jokatu beharko dituela esan nahi du horrek, Josh Fisherrek nahiko lan txukuna egin badu ere, joko antolatzaile lana egin behar izan duenean. Ziurra da Fenerbahceko Ukic eta Omer Onan Jackson itotzen saiatuko direla. estatubatuarra baita bizkaitarren puntu sorketaren iturri nagusi. Azken norgehiagokatan baino hobeto ibili beharko du Hartfordekoak, presarik gabe eta zentzuz jokatzen, bere neurria ematen ez badu jai duelako taldeak. Erabakigarriak izango da, era berean, James Gist eta Alex Mumbruren arteko borroka.
Irabazi edo Euroligari agur esan, erdibiderik ez dauka Gescrapek
Fenerbahceren aurka jokatuko du Istanbulen aurka, Raul Lopez gabe; turkiarrak sasoi puntu bikainean daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu