Lauko Finala urrundu edo gertura diezaiokeen partida jokatuko du gaur Baskoniak Panathinaikosen aurka, Atenasen. Multzoko lehen postua da erronka, baina, horretarako, derrigor irabazi beharra dauka, horrek esan nahi duen guztiarekin. Baskoniak Lietuvosen aurka egindako hutsaren ordaina da irabazi beharra. Egia da Baskoniak 77-70 irabazi ziola Gasteizen Zeljko Obradovicek zuzendutako taldeari, baina Euskal Herrian irabaztea zaila izan bazen, zailagoa izanen da gaur, Oaka pabiloi erraldoitik garaile irtetea talde on-onen esku dagoen balentria baita. Zailtasun horren jakitun, arabarrek presente dute Gasteizko zazpi puntuko alde hori. Galtzekotan, komeni puntu kopuru hori baino gutxiagogatik galtzea; berdinduz gero, Baskonia litzateke eta garaile.
Baskonia zertarako gai den asmatzea da zaila. Kopan beste muturreko bat jaso ostean, ikusteko dago zer aurpegi erakutsiko duen. Litekeena da beste astindu bat jasotzea, Bartzelonak Kopan egin bezala, edo denak aho bete hortz uztea, bikain jokatuta. Pau Ribas Atenasen da, baina ez da segurua jokatuko duen. Panathinaikosi dagokionez, jokalari garrantzitsu bat izango du berriz jokatzeko moduan: Kostas Kaimakoglu hegalekoa.
PANATHINAIKOS-BASKONIA
Lehiaketa. Euroligako Top16 ligaxkako E multzoko laugarren jardunaldia.
Panathinaikos. Tepic, Perperoglu, Batiste, Fotsis, Sato, Nicholas, Tsartsaris, Diamantidis, Vogiukas, Calathes eta Kaimakoglu.
Caja Laboral Baskonia. Ribas, Garcia, Buesa, Huertas, Logan, Oleson, Bjelica, San Emeterio, Teletovic, Batista Sow eta Barac.
Sailkapena. Baskonia bigarren da: 2-1 (+9); eta Panathinaikos, lehen: 2-1 (+40).
Lekua. OAKA pabiloia(19.250 ikusle).
Ordua. 19:00 (ETB1).
Multzoko beste partida. Lietuvos Rytas-Unicaja (gaur, 19:00etan).
Irabazi edo zazpi puntuko aldeari eutsi, Baskoniaren bi aukerak Atenasen
Ribas Grezian da, baina azken orduan erabakiko du Ivanovicek hura kantxaratuko duen edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu