Saskibaloia. Euroliga: Gescrap Bizkaia-Caja Laboral Baskonia. Fernando San Emeterio. Caja Laboral Baskoniako jokalaria

«Irabaziz gero, multzo buru izango gara; hortxe motibazio nahikoa»

Dozenaka partida erabakigarrik ematen duten lasaitasuna sumatzen zaio. Top 16a eta multzoko lidergoa pizgarri nahikoa omen da garaipenean bakarrik pentsatzeko. Milko Bjelica eta Golubovic daudenetik taldeak azken asteetan nabarmen hobera egin duela dio, eta finalak jokatzea jokalari guztien gustukoa dela.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Gasteiz
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Hotz dago Gasteizen, eta hotz Iradier Arenako barrunbeetan. Ordubete pasa itxaron behar izan dute kazetariek Dusko Ivanovicek astearte goizerako prestatutako lana bukatu bitartean, eta kantxa barrura sartzea bedeinkapen baten modukoa izan da. Besteak beste, atarian baino 20 gradu gehiago egiten dituelako. Inork ez du alde egin adierazpenik egin gabe, edo argazkiren bat atera gabe. Biharko partidak aspaldi ikusi gabeko oihartzun mediatikoa piztu du Gasteizen. Fernando San Emeteriok zintzo konplitu du (Santander, Espainia, 1984).

Hasteko, zer moduz dago zure bikia?

Ondo. Badaezpada, erabaki genuen Murtziara ez joatea, baina ez zen izan ezer larria.

Gaur-gaurkoz, apustuek Gescrap Bizkaia jotzen dute faboritotzat. Arduratuta al zaude?

Ez, batere ez. Apustuek zer dioten bost axola niri. Gure gaitasunak, aldarteak, indarrak… horrek arduratzen nau; dugun guztia ematea.

Zein da faboritoa, zure ustez?

Ez dakit. Nik fedea daukat guk irabaz dezakegulako. Ez dago faborito argirik, eta txanponak alde bat edo bestea erakutsiko du. Final bat da biontzat, eta horrelakoetan faboritoa bata edo bestea dela esatea alferrikakoa da.

Zuek eskarmentu handiagoa duzue halako partida garrantzitsuetan. Eraginik ba al du horrek?

Bai. Urduritasuna alde batera uzteko eta erabaki zuzenak hartzeko lagungarria da aurretik egoera horietan trebatu izana. Halere, beraiek ere badituzte Euroligan eskarmentua duten jokalariak; badakite nola jokatu behar duten.

Zein da Caja Laboral Baskoniaren partida azterketa? Zein dira norgehiagokako gakoak?

Nik esan gabe ere, jakina da haien indarra korrika egitea dela. Korrika egitea lortzen badute, erritmoa beraiek ezartzen badute, euren alde izango da balantza, eta gure lana haiek korrika ez egitea izango da.

Eta nola galarazten zaio Bizkaiari korrika egitea?

Opari gutxi eginda. Arretaz jardun behar dugu emandako baloi kopuruekin, eta jokaldiak bukatzen ere portzentaje onak izaten saiatu behar dugu. Defentsako errebotean nagusi badira, komeriak izango ditugu, eta erasoko lehen bi mugimendu horiek atzeratzen ahalegindu behar dugu.

Analisi azkar bat eginda, oso garrantzitsua izan liteke Aaron Jackson kate motzean lotzea. Ados?

Bai. Hark bere jokoa egiteko askatasuna badu, sufritu egingo dugu, ziur.

Eta nola murrizten da haren ekarpena?

Defentsa ona eginda [barrez].

Top 16a ez jokatzea porrot handia al litzateke?

Porrota ez dakit, kolpe handia bai. Baskoniak beti helburu gorenak ditu, eta bistan da Top 16tik at geratzea berri txarra litzatekeela taldearentzat. Dena den, gure multzoan talde ahulik ez zegoela ikusi da, denok paretsu ibili garela, eta horregatik iritsi gara azken jardunaldira iritsi garen modura.

Orain zirt edo zart egin beharrean zaudetela, aurretik egindako okerrekin gogoratzen al zarete, edo ez?

Ez, zertarako? Eginda daude, eta kito; ez daukate bueltarik. Ostegunean galtzen badugu gogoraraziko dizkiguzue, bai, lehen ligaxkan egindako okerrak.

Azken hiru partidetan hobekuntza nabarmena izan du Baskoniak. Murtzian eta Gasteizen Nancy eta Bartzelonaren aurka. Ados?

Bai. Hobetzea ere ez zen zaila, oso gorabeheratsu ari ginelako. Batean ondo, hurrengoan eskas. Hiru partida on lotzea lortu dugu, eta horrek aurretik eduki ez dugun konfiantza eman digula esango nuke. Joan den sasoian normalak ez ziren muturreko asko eman zizkiguten. Izan ziren hogei puntugatik galdu genituen partida batzuk, eta sasoi honetan halakoak saihestu ditugu behintzat. Orokorrean, sendoagoak garela uste dut.

Hiru garaipeneko bolada horretan Bartzelonaren aurkakoa nabarmendu behar da. Talde handia delako eta oso defentsa ona egin zenutelako. Zuen buruko indarra handiagoa al da Bartzelonari irabazi ostean?

Ez bereziki. Badirudi Bartzelona garaituta ia ezinezkoa zen zerbait lortu dugula, baina tituluak irabazi nahi dituen talde batean jokatzen baduzu, Bartzelonari irabaztea posible dela sinetsi behar duzu. Bestela, akabo. Ezin gara sobera puztu edo Gescrap hanka batekin menderatuko dugula pentsatu Bartzelonari irabazi diogulako. Pozik gaude Bartzelona garaitu dugulako, baina kito, euforia neurtu behar da. Bartzelona ligan garaitu izanagatik ospakizun bereziak egitea talde txikia garela esan nahiko luke, eta Baskonia talde handia da.

Zer komeni zaizue, puntu askoko partida, edo gutxikoa? Defentsan ondo ari zaretela aintzat hartuta, puntu gutxikoa hobeto?

Ez dakit. Izan liteke puntu askoko partida, eta, halere, irabaztea. Defentsan gogor jokatzea komeni zaigu beste ezer baino lehen. Horrek puntu gutxiko edo askoko partida ekarriko duen, ezin jakin orain.

Taldearen hobekuntzan funtsezkoa izan da Milko Bjelicaren itzulera. Ezustean harrapatu ditu asko, sasoiko itzuli baita. Zuek ere bai?

Gu ez, egunero bi lan saio egiten ditugulako elkarrekin. Jokalari ona da, eraginkorra, dakizkien gauzak ondo egiten dituenak: saskipean asistentziak baliatzen ditu, lauzpabost metroko jaurtiketak egiten ditu... Herren samar genbiltzan saskipean, eta Milko eta Golubovicekin sendoago gabiltza.

Galduta ere, sailkatzeko aukera dauka Baskoniak, Cantuk Fenerbahce menderatzen badu. Aukera horretan pentsatzen al du jokalariak, edo ez?

Nik behintzat ez, eta nire taldekideek ere ezetz esango nuke. Inork ez du ezer esan aukera horretaz, garaipena delako gure asmo bakarra. Jakina, hogei puntugatik galtzen ari bagara, Italiakoa nola doan begiratu beharko dugu, baina aldez aurretik, ezta pentsatu ere.

Konbinazio hori gertatuko balitz, multzoko laugarren postuan sailkatuko litzateke Baskonia. Irabazita, ia ziur lidergoan. Garrantzitsua da motibazio berezi hori, ezta?

Oso garrantzitsua, sailkapenaz gain Top 16an CSKA, Real Madril eta Bartzelona saihestu egingo dituzula dakizulako ziur. Horrek Top 16a motibazio handiagoarekin hastea dakar, eta pizgarri interesgarria da Bilbon irabazteko. Orain arte pasatako miseria guztiak ahaztuko genituzke, lesioak eta lock-out-aren ondorio txarrak bezalakoak.

Dusko Ivanovicek joan den astean esan zuen taldea otsailean ondo egoteko ari zaretela lanean? Bide onean al zaudete?

Baietz uste dut. Izaera, anbizio berbera dugu, baina guk geuk ere sumatzen dugu erasoan gero eta eraginkorragoak garela, sistemak errazago egiten ditugula, batez ere defentsan ondo ari garelako. Oinarri ona dugu, eta gure arteko kimika ere hobetzen ari da. Otsailean hasten da festa, ea orduan ere lehiaketa guztietan murgilduta gauden.

Bilakaera horretan, biharkoa zer da oztopoa edo pizgarria?

Nire ustez, goiz samar dator, eta aukeran, nahiago nuke Top 16a lotua eduki izan bagenu, baina ez da posible izan. Taldearen iragan hurbilari begiratuta, bistakoa da horrelako partidak jokatzea atsegin ditugula.

Gescrapek Baskonia Gasteizen garaitu zuenean, Fotis Katsikarisek ondokoa esan zuen: «Bagenekien Teletovicekin soilik ez gintuztela irabaziko». Orain zure izena ere aipatu du.

Beno, eskertzekoa da, baina haren hitzek adierazten dute talde honen benetako arriskua taldea dela. Teletovic izango da batzuetan, ni besteetan, edo Pablo, Milko, Nemanja edo besteren bat. Blokea da gure makulu sendoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.