Arrauna

Irabazle sena ez du galdu

Santurtzik sasoiko bosgarren garaipena lortu du Aresen. 74 ehunen besterik ez dizkio atera Hondarribiari. Zarautzek maila galdu du, eta KAE 1 ligara jaitsi da

Gorka Aranberri Santurtziko patroia, amorruz, garaipena ospatzen, atzo, Aresen, Eusko Label ligako estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Santurtzik bi asteburu zeramatzan banderarik irabazi gabe. Eusko Label ligako talderik indartsuena izanik, Sotera ontzian dabilen arraunlariarentzat ez da batere samurra izan lau estropadetan trapu bakar bat ere ez etxeratzea. Bada, Iker Zabalarenek ez dute irabazle sena galdu. Aresen (Galizia) nagusitu egin ziren atzo, Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldian. Eta nola, gainera. Santurtzik eta Hondarribiak aurtengo denboraldiko buruz buruko lehiarik handiena izan zuten helmugara arte, arraunzaleen gozagarrirako. Santurtziarrek sekulako joaldia egin eta gero, Hondarribiari aurrea hartu, eta azkarrenak izan ziren; 74 ehunen besterik ez ziren egon ligako bi talde indartsuen artean.

Galizian ohikoa den bezala, mendebaleko haize petrala zebilen, eta, eremua itsaso betean ez dagoenez, barrualdean bezala egin zuten arraun, olatu ale txiki apurren artean; halere, kanpoko balizetan bazen mugimendurik. Patroientzat galtza bete lan ontzia gogortuta eramateko. Haizeak lehen kaletik laugarrenerako norabidea zuenez, estropadako aurreneko bi minutuetan lehendabiziko kalean zihoazen ontziek babes handiagoa zuten kanpoko kaleetakoek baino. Hondarribia joan zen kale horretatik ohorezko txandan, eta ondo baino hobeto ekin zion lehen txanpari. Haren ondoan, Donostiarra, Santurtzi eta Zierbena zihoazen, hurrenez hurren. Hasieratik, Hondarribiaren eta Santurtziren traineruen brankak estropada burua partekatzen ari ziren. Dena den, Zierbena ez zen aparte; Donostiarrak, berriz, hiru segundoko atzerapena zuen ordurako.

Kanporanzko luzean, istriborreko arraunlariek pala uretatik garbi ateratzeko lan nekeza zuten. Santurtzi eta Hondarribia ia parean heldu ziren lehen ziabogara, baina berdeek moreek baino ziaboga estuagoa eta azkarragoa egin zuten, lehenak irteteraino. Zierbena hirura zen, eta Donostiarra, seira. Aurreko bi oilarren arteko borrokan, GPSa dantzari zebilen; batzuetan Hondarribiari segundo bateko abantaila ematen zion gailuak, baina segituan Santurtzi parean jartzen zen. Hirugarren ziabogara, Sotera pare bat tosta aurretik heldu zen. Azken luze zirraragarria falta zen bandera nork eramango zuen argitzeko.

Hondarribiak istriborrera joateko inongo eragozpenik ez zuenez, haizearen norabideari segika, hirugarren kalerako norabidea hartu zuen. Segundo bakarraren aldea zuten berdeek; huskeria batzuetan, nahikoa besteetan. Apurka-apurka, bi ontzietako arraunlariak palakadaren erritmoa sarrituz joan ziren. Azken 400 metroetan, biak ala biak herio bizian joan ziren, lehertzeraino. Ama Guadalupekoa traineruaren branka aurretik zen, baina Sotera ontzia azkarrago zihoan, harik eta parean jarri eta lehena helmugaratu zen arte. Garaipena eta puntu bat gehiago sailkapen nagusian; hiru jardunaldiren faltan, bostera du orain Hondarribia. Donostiarra hirugarrena izan zen; Zierbenak, berriz, seigarren egin zuen, eta bigarren txandan ariko da gaur, MoaƱan (12:13, ETB 1). Zehazki, Cabok egingo du arraun ohorezko txandan, bigarren txandan nagusitu baitzen, Oriorekin borroka handia izan ostean.

Lehen txandan, Isuntza izan zen azkarrena, eta gaur bigarren txandan ariko da. Tiranek, berriz, Zarautzen aurretik egin zuen, eta, azken estropadaren faltan, sailkapen nagusian hamabi puntura handitu da Tiranen eta Zarautzen arteko aldea, galiziarren alde. Horrenbestez, Enbata ontziak maila galdu du, eta KAE 1 ligara jaitsi da, Eusko Label ligan bi urtez aritu ostean.

ETE eta KAE 2 ligak, kito

ETE ligan, Tolosaldea ligako txapeldunak hamargarren bandera irabazi zuen. Talde horrekin batera, Deustu ariko da Euskotren ligako igoerako kanporaketan. KAE 2 ligan, bestalde, Hondarribia B nagusitu zen, bigarrenez. Busturialdea KAE 1 ligako txapelduna ariko da datorren denboraldian; Portugalete eta Hondarribia B, berriz, igoerako kanporaketan ariko dira, KAE 1eko Castro eta Camargorekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.