Bandera asko astindu zituen Joseba Amunarriz Hondarribiaren patroiak 2004 eta 2006 artean. Ama Guadalupekoa traineru irabazlea zen. Etxekoekin fin lan egin, kanpotik bizpahiru arraunlari ekarri, arraunketa finkatu, eta aurrera. Mikel Orbañanos entrenatzaile oriotarrak lan egiteko modu bat dauka. Filosofia bat. Hura buruan zuela ailegatu zen 2002an Hondarribira, eta zortzi urte geroago, eredu jakin horri onean zein txarrean eutsita, Ama Guadalupekoak ontzi irabazlea izaten jarraitzen du. Estropada bikaina osatu zuen atzo hasi eta buka, Donostian, Kontxako Badian, eta Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi bosgarren aldiz. Erlojuaren kontra izan ziren onenak. Txapelketa lerrokatuta jokatzekoa zen, baina laugarren kaleko baliza askatu zenez, bakarka.
Eta alboetan kontrariorik eduki gabe egin beharreko esfortzu itsuan, San Juan sailkatu zen bigarren hiru segundo eskasera, Orio faborito nagusia hirugarren, eta Zumaia, aldiz, laugarren. Hortaz, garaileaz gain hiru ontzi horiek sailkatu ziren datorren asteazkenean Zierbenan jokatuko den Euskadiko Txapelketarako. Telmo Deun traineruak ezustean poltsikoratu zuen txarteletako bat. Makal dabil San Miguel ligan, baina atzetik aurrera estropada ikusgarria eginez, eta poparean olatu txikiak baliatuz, San Pedro atzeratu zuen aise.
Hondarribia ere ez dabil puntaren puntan San Miguel ligan, baina Orbañanos, Bertiz anaiak, Carrion, Gorka Puertas, Aldai, Gallego eta enparauk bandera asko irabazitakoak dira. Esperientzia badute, eta onenak izateko grina ez da berehala asetzen. Gazteek, berriz, freskotasuna eman diote koadrilari. Traineru irabazlea izan daiteke oraindik ere, beraz.
Amorratuta jo zituzten, gainera, atzoko lehen arraun kolpeak. Baliza berriro kokatzeko denbora gehiegi behar izango zutenez, azkenean estropada erlojuaren kontra jokatzea erabaki zuten epaileek. Baina irteera ordena zozkatu beharrean, aurretik egindako kale zozketan tokatu bezala atera ziren traineruak. Oriori, adibidez, laugarren kaletik arraun egitea tokatu zitzaionez hasiera batean, azkena aterako zela, alegia. Harrigarria. Normala hondarribiarrak sutan ateratzea.
Eta su horri esker lehen luze bikaian osatu zuen Hondarribiak brankaz. Itsasoa nahastu antzean zegoen, bazebilen haize pixka bat, baina askoz ere okerragoa izan zitekeen. Kolpea, baina, bigarren luzean, poparean egin beharreko lehen luzean eman zuen Ama Guadalupekoak. Olatu txikiak egoki hartu, trainerua ondo zuzendu, eta egin beharreko bigarren maniobrara gustura heldu ziren garaileak; buruan, gainera. Izan ere, luze bakarrean hamar segundo kendu zizkion San Juani, eta hamalau Oriori. Burua galdu gabe arraun egin zuten gero Orbañanosek entrenatutakoek, eta San Juanek azken txanpa ederra jo arren, nagusi, 1973an, 2004an, 2005ean eta 2006an egin bezalaxe.
Emakumezkoetan, Zumaia
Zumaiak, berriz, ezusteko latza eman zuen emakumezkoen Gipuzkoako Traineru Txapelketan. Getaria-Tolosa zen faboritoa, nabarmen gainera, baina huts egin zuten, eta Zumaiak hartu zien aurrea. Garaileak 24.22,32ko denbora egin zuen, eta faboritoa 30 segundora helmugaratu zen. Lerrokatuta jokatu zuten estropada. Baina ohiko bi luzeak beharrean, lau osatu zituzten, Getaria-Tolosak hala eskatuta. Antolatzailearen, Euskadiko Arraun Federazioaren, arautegia baliatu zuten horretarako. Azkenean, baina, kalkuluetan ere huts egiten zuten. San Juan izan zen hirugarren, Orio laugarren eta Hondarribia, bosgarren.
Irabazlea zena irabazlea da
Hondarribiak estropada bikaina jokatu du hasi eta buka, eta bosgarrenez nagusitu da Gipuzkoako Traineru Txapelketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu