Irabaztea, beharrezkoa

Berdinketak ez dio balio gaur Osasunari Getaferen aurkako kanporaketa gainditzeko, joaneko partida hutsean amaitu baitzen

2008ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Joan den abuztuko azken asteburutik, Liga hasi zenetik, garaipenaren bila aritu da Osasuna orain artean jokatutako 11 norgehiagoka ofizialetan -hamar Ligan eta bat Espainiako Kopan-. Gorritxoek oraindik ez dute partida bakar bat irabazi, ordea. Eta, Kopan lehiatzen jarraitu nahi badute, sasoiko lehen garaipena ezin da gehiago berandutu. Joaneko partida, Getaferen aurkakoa, golik gabe amaitu zen, eta han lortutako 0-0ekoa baliatzeko, gaur Nafarroako Erresuman irabaztea ezinbestekoa da Osasunarentzat. Berdinketak ez die ezertarako balio -0-0ekoak luzapena ekarriko luke-, eta gaur Getafe mendean hartuta, Kopan jarraitzea ziurtatzeaz gain, Ligarako adorea indartzea nahi dute Jose Antonio Camachoren jokalariek.

Entrenatzaile espainiarrak aldaketak egingo ditu aurrealdean, berriz ere, Osasunak golak sartu ezinda jarraitzen baitu. Eta, irabazteko, gola sartzea derrigorrezkoa da. Iruñera iritsi orduko emandako prentsaurrekoan argi utzi zuen Camachok taldean jokalari gutxiago izatea gustatzen zaiola. Entrenatzaile espainiarra ez da txandakatzeak egin zalea, eta jokatzen ez duten jokalariak motibatuta egotea zaila dela jakinik, Camachok ez zuen beldurrik izan 27 jokalari izatea gehiegizkoa zela esateko. Aurkezpeneko ekitaldian soilik ez, han eta hemen eskainitako elkarrizketetan ere kexatu eta kexatu ari da Camacho 27 jokalari dituelako taldean. Juanjo Lorenzo kirol zuzendaria isilik dago -jokalari gehiegi dituela esateaz gain, Osasunak bere ohiko ezaugarriak apur bat galdu egin dituela ere behin baino gehiagotan esan du Camachok, atzerritar gehiegi dutela aditzera emanez-, eta ikusteko dago bere etorkizuna zein izango den. Baina, kontuak kontu, Krutxagak ondo gogoratu zuen herenegun: «Daukagunarekin atera behar da hau aurrera».

27 jokalari ditu Camachok bere aginduetara (lehen taldeko fitxa dute 25ek, eta bigarren taldetik lehen talderako bidean dira Oier eta Jokin). Eta gaur gaueko partida irabazten ez badute, jokatzeko are eta aukera gutxiago izango dituzte zenbait futbolarik. Hain azkar lehiaketa bakarrean aritzera behartuta izatea gogorra izan daiteke. Ia aukerarik gabe geratuko dira zenbait jokalari, eta hori ez da ona. Camacho ez da, ez, txandakatze zalea, baina, halere, bi lehiaketatan jarraitzearen garrantzia ez zuen ezkutatu atzo: «Ondo datorkigu bi lehiaketetan jarraitzea. Kasu honetan, esaterako, aurrealdeko zenbait jokalariri beste aukera bat eman ahal diet, aurrealde horretan baitugu aldaketa behar handiena une honetan», esan zuen Taxoaren.

Horregatik, Kopak zaleen artean beti ikusmin berezia eragiten duelako, eta garaipenak Ligarako adorea indartu diezaiekeelako, oso garrantzitsua da gaur gaueko partida irabaztea. Igande honetan San Mamesen oso partida gogorra jokatu beharko dute gorritxoek Athleticen aurka -Ligako azken sailkatuak azken-aurrekoari egingo dio bisita euskal derbian-, eta Kopan emaitza on bat lortzea oso garrantzitsua izan daiteke Bilbora adorea indarberrituta iristeko. Hargatik, Bilboko partidak ez du oraindik kezkatzen Camacho: «Partida guztiak irabaztera zelairatu behar dugu, badakigu lor dezakegula eta ahalegindu beharra dago. Lehendabizikoa Kopa da orain, eta gero begiratuko diogu Bilboko partidari. Halere, Getafe mendean hartuz gero, irabaztea posible dugula erakutsiko diogu geure buruari, eta horrek konfiantza hobetuko duela argi dago», adierazi zuen atzo entrenatzaile espainiarrak.

Iraultza erasoan

Atzealdean ez du arazorik Osasunak. Oso gol gutxi sartu dizkiote talde gorritxoari orain arte, eta aldaketak egiteko arrazoirik ez du ikusten Camachok. Atezaina, lau atzelariak eta bi euskarriak Ligako azken partidan aritutako berak izan daitezke gaur ere. Aurrealdean, ordea, hamaikagarren iraultza izango du Iruñeko taldeak: Atletico Madrilen aurka hasieratik jokatu zuten erasoko lau jokalarietatik hiru deialditik kanpo geratu ziren atzo: Portillo eta Juanfran, entrenatzailearen erabakiz, eta Plasil, kili-kolo dabilelako. Laugarrena ere, Santi Ezquerro, ez dago sasoi betean, baina hamaikakoan jarraitzeko aukera badauka espainiarrak. Masud, Jokin, Hector Font, Kike Sola eta Pandianiren ordua da, eta golak sartzen ez zaiela ahaztu erakutsi beharko dute gaur gauean. «Lanean ondo ari dira jokalariak, eta saria jasotzeko ordua iritsi zaie», esan zuen atzo Camachok bere jokalariei buruz hitz egin zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.