Irabaztea xede, Europa asmo, unea berme

Realak bosgarren postuan indartu nahi du, Granadaren etxean irabazita. Imanolek Granada egiten ari den sasoia goraipatu du

David Silva areara sartu nahirik, Levanteren aurkako iragan igandeko partidan. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Onenen artean finkatzeko aukera du gaur Realak. Donostiako taldeak Granada 11. sailkatuari egingo dio bisita arratsaldean, eta jakin badaki, kontrario zaila izanagatik, Los Carmenes estadioan irabazteak asko indartu dezakeela urte amaierarako duen xedea. Txuri-urdinek bosgarren izan nahi dute Espainiako Ligan, eta, horretarako, garrantzi berezia du aurkari gogorrenen zelaietan irabazteak.

Izan ere, talde ona da Granada. Urrutira joan gabe, Europa ligan final-laurdenetarako urratsa egin zuen joan zen ostegunean, Molde mendean hartuta. Egiaz, itzulerako partida falta da kanporaketa hori erabakitzeko, eta datorren ostegunean jokatuko du norgehiagoka erabakigarria, baina agerian utzi du aurkariak utzitako tarte guztiak aprobetxatzen badakiela.

Horixe eragotzi nahiko du Realak. Gipuzkoarrak bolada onean dira, baina kontrarioari arnasa hartzeko modua eman diote azken partidetan. Neurketak bukatzen asmatu behar dute txuri-urdinek, Imanol Alguacil teknikariak partidaren atarikoan azaldu zuenez. Halakorik ezin denean, ordea, atzeko lerroak duen garrantzia nabarmendu zuen oriotarrak: «Oso gustura nago atzelariak egiten ari diren lanarekin. Kontrako aukera gutxi sortu dizkigute», esan zuen.

Defentsako arloari erreferentzia egin bazion, ez zen izan kasualitate hutsez. Granadak erasora sarri jotzen du, eta ondotxo daki hori Imanolek. Diego Martinezen taldeak alderdi horretan duen indargunea zaindu behar du Realak, prestatzaileak zehaztu zuenez: «Granada izugarrizko sasoia osatzen ari da, eta ez da edozein kontrario». Are gehiago, jokoaren zenbait arlotan onentsuenen artean daude espainiarrak, Imanolen iritziz: «Oso ondo aritzen dira geldikako jokaldietan, eta talde heldua da».

Deialdia, prest daudenekin

Realak 22 jokalari eraman ditu Granadara. Haien artean da Carlos Fernandez. Sevillako harrobiko jokalaria osatu da Getaferen kontrako partidaren ostean izandako arazo fisikoetatik, eta jokatzeko moduan da. Hain justu, aurrelaria Granadan utzita aritu zen joan zen sasoian.

Gainerakoan, Imanolek nola-ahala osatu du deialdia. Zelai erdiko postuetan aritzen diren zenbait jokalariren hutsunea du entrenatzaileak. Martin Zubimendi da horren adibide. Futbolari donostiarrak ez du jokatuko. Atzean, Monreal ez da osatu, aurreko partidan ere jokatu ezinda geratu ostean.

Azkenaldian, ondo

Reala eta Granada sarri aritu dira elkarren aurka azken boladan. Urrutira joan gabe, joan zen azaroan Anoetan neurtu zituzten indarrak, eta txuri-urdinak izan ziren nagusi. Baita espainiarren etxean aritutako azken hiru aldietan ere. Reala aise aritu da han azken urteetan; hiruna puntu eskuratu baititu han jokatu duen azken hiru aldietan. Imanol Agirretxek hat trick bat egin zuen 2015-2016ko denboraldian. Aldiz, Jon Bautistaren eta Juanmi Jimenezen golak nahikoa izan zituzten donostiarrek 2017-2018ko sasoian Los Carmenesen gailentzeko, eta gauza bera egin zuten iaz, Cristian Porturen gol bati esker.

Gauza bera egin nahiko du Portuk gaur arratsaldean ere. Realak erasoko jokalari saldo handia eraman du Granadara, eta aurrealdeko jokoaren txinparta baliatu nahiko du hiru puntuak eskuratu eta Europarako lehian segitzeko. Irabaztea du xede, sasoi amaieran bosgarren postuaren jabe egitea xede duenez gero. Horretarako, taldearen bolada ona du berme; donostiarrak fin ari dira erasoan. Gol aukerak sortzeaz gain, baina, sartu egin behar dituzte. Lortzekotan, gertu izango dituzte hiru puntuak.

GRANADA-REALA
Granada. Rui Silva; Foulquier, Vallejo, Germán, Quini; Yangel Herrera, Quina; Puertas Fede Vico, Kenedy, eta Soldado.
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Gebara, Merino , Silva; Oiartzabal, Portu, eta Isak.
Epailea. Gonzalez Fuertes.
Lekua. Los Carmenes.
Ordua. 16:15 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.