Irabazteko eguna
Zaleen babesa izan edo ez izan, bere etorkizuna dauka jokoan Athleticek gaur San Mamesen
Zaleen babesa izan edo ez izan, bere etorkizuna dauka jokoan Athleticek gaur San Mamesen
HARITZ GALLASTEGI
Bilbo
Bilbon eztabaida handia dago zuzendaritzak hartutako erabakiaren inguruan. Athleticek eta Real Madrilek jokatuko duten partida ikusi gura zuten bazkideek sarrera ordaindu beharko zutela erabaki zuten Ana Urkijo presidenteak eta bere lan taldeak. Bada, neurketa jokatzeko eguna ailegatu da eta aste guztian zehar aurkariak baino zeresan gehiago eman du zuzendaritzaren erabakiak.
Athleticeko bazkideak haserre daude. Ez dute agintarien erabakia ulertu. Taldeak hil edo biziko norgehiagoka jokatuko du eta denboraldi osoan San Mames bete duten zaleei sarrera ordaintzeko eskatu diete eurek aukeratutako gizasemeek. Memento egokia al da? Horrela ordaintzen al zaie sasoi guztian zehar sufritu besterik egin ez duten zaleek taldeari hamabostero eman dioten babesa? Milioi bat euro -Athleticek irabaztea aurreikusten duen diru kopurua-109 urteko historia baino garrantzitsuagoa al da? Oraindik ere kalean dauden galderak dira. Ez zaie arrazoirik falta, gainera.
Halere, zuzendaritzako kideen erabakia ulergarria da. Euren dirua dago jokoan. Athleticek denboraldi bukaeran duen zorra handia bada -gutxienez bi milioi eurokoa izango da-, hurrengo agintariek egun zuzendaritzan daudenek kargua hartzeko jarri behar izan zuten diru kopurua erabili dezakete zuloa txikitzeko. Inork ez du gustuko norberaren dirua galtzea. Nahikoa dutenek ere ez. Gainera, Athleticeko bazkideek onartutako estatutuek Klubaren Eguna egitea onartzen dute. Edozein partidatan eta edozein jardunalditan. Bazkideek onartutako estatutuak esku artean dituztela bazkideek aukeratutako zuzendariek hartutako erabakia da. Norberak egin dezala egin beharreko hausnarketa.
Bi aldeek dituzte euren ideiak defendatzeko pisuzko arrazoiak. Era berean, bi aldeek dituzte kezkatuta egoteko arrazoiak. Baina bazkideen eta zuzendarien erdian daudenak izango dira gaur gauean lo egin ezinda egon direnak. Jokalariak, alegia. Ez dira lasai egongo. Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta direnean jaitsierako postuak ate joka dituen taldea ezin da lasai egon. Are gutxiago zulotik aldentzeko txapelketa irabazteko borrokan sartuta dagoen talde baten aurka lehiatu behar denean.
Ez da erraza Athleticekin baikor izatea. Gauza positibo gutxi daude taldearen inguruan. Kezkagarriena, betiko legez, jokoa da. Talde batek ondo jokatzen ez duenean sortzen dira arazo guztiak. Athletic ez da talde sendoa. Mugatua eta makala da. Lehenago edo geroago partida guztietan lagatzen du zuloren bat. Aurkariak, pazientzia duen taldeak, mementoaren zain egotea besterik ez dauka. Izan ere, salbuespenak-salbuespen, Athletic ezinean aritzen baita markagailua kontra duenean. Presaka eta urduri. Bestalde, San Mames ez dela beteko jakiteak ere ez du asko lagunduko. Zaleak beharrezkoak baitira taldeari laguntzeko.
Aurkariak ere ez du lagunduko. Normala. Halere, gaurkoa txapelketako gaitzenetakoa da. Capelloren Real Madril hazita zelairatuko da San Mamesen. Gutxien espero zuenean, egitasmo baten lehen pausoak ematen ari omen zirenean, Liga irabazteko aukera agertu zaie. Horrelako aukerak emanez gero, nekez egiten du huts Real Madrilek. Capelloren taldeek ez dute joko ikusgarria egiten, baina emaitza onak izaten dituzte gehienetan. Denboraldion ere bai. Atzean indartsu daude eta erasoan sekulako etekina atera diete sartutako golei. Ez dute barkatzen. Ondorioa: lehen sailkatuarengandik puntu bira besterik ez dagoela Madrilgo taldea.
JAVI MARTINEZ DA NOBEDADE NAGUSIA. Kezkatutako egoteko arrazoi asko du Athleticek. Lasai egoteko baino askoz gehiago. Halere, gauza guztiak ez dira txarrak. Ez da ahaztu behar Athleticek irabazi egin dituela etxean jokatu dituen azken partida biak. Jokalarien kompromisoa ukaezina dela gogoratzea ere garrantzitsua da. Aurkari gogorren aurrean hazten den taldea ere bada Athletic. Eta zelaia bete ez arren, harmailetan egongo diren zaleek asko animatuko dutela ere ezin da dudan jarri. Beraz, ezin daiteke esan hiru puntuak irabaztea ezinezkoa denik.
Bost atzelariko joko sistema alde batera utzi eta laurekin ariko da berriz Mane. Jokalariei dagokionez, Javi Martinez izango da nobedade nagusia. Azken partida bietan ezin izan du jokatu, baina dagoeneko prest dago taldeari laguntzeko. Nafarraren itzulerak eskuin hegalekora bidaliko du Iraola. Halaber, Aritz Aduriz izango da erdiko aurrelaria. Urzaiz eta Exposito ere azkenean deialdian sartu dira, eta Expositok izan dezake aukeraren bat hasieratik aritzeko
Etzi da langileen eguna, baina Athleticeko jokalariek gaur erakutsi beharko dute beharra ondo eginez gero posible dela talentu gehiagoko aurkariari aurre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu