Irabazteko premian dira bi euskal taldeak

Miarritzek Racing Metro jasoko du gaur Aguileran, eta Baionak Lyoni egingo dio bisita

Mike Phillips, baloiarekin, Baionak eta Miarritzek Jean Daugerren jokatutako derbian, joan zen astean. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Baionak joan zen asteko euskal derbia irabazi ondoren, Top14ak erritmo bizian jarraitzen du, eta Lapurdiko bi taldeek gaur jokatuko dituzte 24. jardunaldiko partidak. Aguilerakoak eta Jean Daugerrekoak ez dira garairik onenean, eta maila ez galtzeko kezka egonen da bien partidetan. Miarritzek Racing —Heineken koparako lehian dago— jasoko du etxean (15:55). Baionak, berriz, Lyonen jokatuko du; hots, azken sailkatuaren zelaian (14:15).

Kezka berarekin daude baionarrak eta miarriztarrak. Hiru partida ments dira Top14ko liga erregularra bukatzeko, eta, oraindik, bietatik inork ez dauka segurtatua mailari eustea. Bietarik, Baiona dago egoerarik txarrenean: Lyonekin batera, jaitsiera postuetan dago. Nahitaez irabazi behar du, beraz. Baina hori ez du aski izanen, denbora berean Bordelek, Brivek edo Miarritzek galtzea behar baitu jaitsiera postuetatik ateratzeko.

Miarritze hobekixeago dago; ongi ez, hala ere. Xuri-gorriak sailkapeneko hamargarren postuan daude, baina gauzak oso estu daude sailkapeneko behealdean. Gaur irabazita, segurtasuna izanen du gibelean dituenak ez zaizkiola aitzinera pasatuko. Galduz gero, ordea, behera eginen du sailkapenean, eta jaitsiera postuetan sartzen ahalko da, Baionak Lyoni erasoko puntuarekin irabazten badio.

Top14ko bukaera hurbildu ahala, kalkuluak eta buruhausteak larrituko dira gibelean dauden taldeetan. Top14ko bukaera ebatzi ezin daitekeen sudoku bihur ez dadin, Baionak eta Miarritzek aukera bakarra dute: partida guztiak irabaztea.

Lana ez da erraza izanen, baina. Miarritzek etxean jokatuko du gaur, baina oso aurkari gogorra izanen du parean. Racing ez da txantxetako taldea, eta Parisko Stade Français bere arerio historikoarekin borrokan dabil Heineken koparako sailkatzeko. Irabazteko premiarekin etorriko da.

Baionak etxetik kanpo jokatzeko desabantaila dauka, baina Lyoni eginen dio bisita, eta talde hori Bigarren Mailan dago dagoeneko. Frantziarrak motibazioa galduta ariko dira. Aski izanen al da Baionak sasoi honetan etxetik kanpo lehen aldiz irabazteko? Horrela espero dute Aturri eta Errobi aldean.

Euskal derbia irabazi zuten jokalariei konfiantza berretsiko die Baionak, nagusiki. Hala ere, bi aldaketa adierazgarri izanen dira.Neemia Tialata —sarrera ederra egin zuen— hasieratik ariko da uztartzearen eskuin aldean. Gibelean, Sam Gerber ariko da erdiko gisa, aspaldian baionar zaleek espero zuten moduan. Lunbagoa garairik onenean sendatu zaio.

Miarritzeri dagokionez, itzulera garrantzitsuak izan dira aste honetan. Ngwenya, Thion eta Traille hasieratik ariko dira, beren zauriak sendatu ondotik. Hiruren eskarmentua eta talentuaez dira soberan izanen Racingi irabazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.