Atzekoz aurrera dabil aspaldian Reala. Emaitza kaskarrak gutxi ez, eta bizpahiru egunen buruan min hartutakoen zerrenda handitu egin da Asier Illarramendi eta Xabi Prietoren oinazeekin. Lehen taldeak herren egiten bazuen, orain herrenago geratu da bi makulu garrantzitsu galduta. Bi horiek ez ezik, Alberto de la Bella, Markel Bergara eta Liassine Cadamuro ere ez dira joango Sevillara. Ataka gaiztoan sumatzen du bere burua Philippe Montanierrek, jakin baitaki ikasturte amaierako azterketari aurre egin beharko diola etzi: punturen bat lortu ezean, amaitu da frantziarraren eta txuri-urdinen arteko lan hitzarmena.
Montanierren balizko ordezkoen izenak abiada bizian atera dira, urduritasun egoeretan ohikoa den moduan. Bat-bateko arrakasta ez lortzearen ajeak: Ernesto Valverderekin harremanetan jarri omen ziren Realeko arduradunak, ETBk jakinarazi duenez. Julen Lopetegi eta Manolo Jimenezen izenak letra larriz daude idatzita Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariaren koadernoan. Urik ez den tokian arrainik ez dagoenez, bistan da Realaren ingurua mugitzen ari dela, hau da, agintariak ez dabiltzala geldirik.
Norabiderik gabeko ibilbidea zuzentzea eta kotizaziorik onena berreskuratzea guztien betebeharra dela agerian utzi zuten atzo Zubietan Mikel Aranburuk eta Imanol Agirretxek. Kapitainaren esanetan, «bolada ezkorra arrazoitzeko ziur ez dagoela arrazoi bakarra. Nabarmena da, ordea, ez gaudela sasoiko eta askoz gehiago emateko gai garela. Argi daukat gutako bakoitzak bere burua estuago hartzen duen heinean zulotik ateratzen hasiko garela».
Suteak itzaltzen beste inork baino eskarmentu handiagoa du azpeitiarrak, aurreko urtean nekez ezagutu baitzuen une lasairik. Soberan daki zer agintzen duen gidoiak halakoetan: «Iritzi ugari egongo dira [Montanierren jardunaz]. Bakoitzak bere esku dagoen guztia egin behar du dagokion esparruan. Guk ezin dugu eragin kontrolatzen ez dugun toki batean. Garbi dago orain arte egindakoa ez dela nahikoa helburua betetzeko eta taldeak gora egin dezan gehiago eman behar dugula. Garrantzitsuena taldea da. Egoera txar honek denoi eragiten digu: entrenatzailetik hasi eta azken jokalariraino. Geure buruan irabaztea baino ez dago, eta horren bila abiatuko gara Sevillarantz».
Horren haritik mintzatu zen Agirretxe, hatz erakuslea entrenatzailearengandik urrun jarriz: «Reala gu guztion gainetik dago. Irabazteak baino ez digu axola, eta beste guztia bigarren maila batean geratzen da. Hiru puntuek indar handia emango ligukete, gure egoera nabarmen aldatzeko. Horretan jarriko dugu arreta osoa».
Zubietako langile batek dioenez, Montanierrek berari buruz esaten direnei kasu handirik egin gabe jarraitzen du, eta buru-belarri ari da Betisen kontrako lehia prestatzen. Herenegun bazirudien Markel Bergara erabat osatuta zegoela Vallecasen izandako zaintiratutik, baina atzo ezin izan zuen saioa osorik egin. Villamarinen jokatzeko baztertutako dago, beraz. Vadim Demidov, ordea, arazorik gabe entrenatu zen, eta entrenatzaileak nahi izanez gero, hasieratik jokatzeko moduan da. Hain zuzen ere, atzeko lerroa birmoldatzeak eragiten dizkio zalantzak Montanierri, gehienbat ezker hegala estaltzeak. Dani Estradak aukera handia du De la Bellak lehenik eta Cadamurok ondoren utzitako hutsunea betetzeko. Era berean, baliteke erdiko atzelariren bat tokiz aldatzea: Mikel Gonzalezentzat ez litzateke lehen aldia izango, eta Iñigo Martinez bera txukun molda daiteke kokapen horretan, Zubietako entrenatzaileen arabera.
Zelai erdiko eraztunaren inguruan, berriz, Illarramendiren lekukoa hartzeko hautagairik sendoena Ruben Pardo gaztea da. Zentzua ematen dio taldeari zelai erdian, baloi irteera eta ibili egokia baititu. Espanyolen aurka erakutsi zuen ez dagoela egoera zailaz kutsatuta, inolako lotutasunik gabe jokatu zuen eta. Ikusi egin behar zein jokalarirekin babesten duen Pardo. Herenegun McDonald Marigarekin aritu zen hitz egiten. Kenyarra benetan burumakur joan zen etxera Espanyolen aurkako partidaren ostean, eta entrenatzaileak berreskuratu egin nahi du nola edo hala. Zubietako iturriek diotenez, ez datoz bat azterketa fisikoa eta igandetan ematen duen itxura apala. Kontuak kontu, Aranbururen aukera egokiagoa dirudi, taktikoki zuzenagoa baita. Gerta liteke biek jokatzea hasieratik Pardorekin batera. Granadaren egunean horixe egin zuen, baina Illarramendirekin. Orduko hartan Xabi Prietok ere ez zuen parte hartu, eta Antoine Griezmann kontrako oinean kokatu behar izan zuen. Agirretxek ere joka dezake eskuin hegalean. Garbi dagoena da Joseba Llorentek postuari eutsiko diola.
Irabaztera kondenatuta
Jokalari bakoitzak berea ematea da Aranbururen errezeta beheralditik irteteko, eta ez du hitz egin entrenatzailearen auziazDemidov soilik osatuko da Sevillara joateko, eta baliteke Pardo deialdian sartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu