Saskibaloia. 2012-2013 sasoiko ACB liga: Lagun Aro GBC

Iragan polita, baina errealitate gordina, Lagun Aroren ikur

Diru faltak arazo asko sortu dizkie teknikariei taldea eraikitzeko lanean, eta taldea nabarmen apalagoa da

Jaroslav Korolev osasuta dago jada, taldeari laguntzeko prest. GBC.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Esne-mamitan bukatu zuen Lagun Arok joan den denboraldia, baina azkar batean hurbildu ziren laino beltzak Donostia aldera. Lan bikaina egin zuten bi izarrek, Andy Pankok eta Sergi Vidalek, poltsikoa betetzeko eskaintza bikainak jaso, eta arrakastaren ateak ireki zizkien taldea bide bazterrean utzi zuten. Ez zen kolpe bakarra izan, ezta mingarriena ere, gauzak ondo, jakina zelako bi horiek taldea utziko zutela. Foru Aldundiak taldeari ematen zion laguntza murriztu zuen nabarmen, krisi garaia dela eta; eta horrek Eurokopari agur esatea eta hitzez hitzartuta zeuden jokalari batzuei uko egin beharra ekarri zuen. Berni Rodriguez espainiarrarena da kasu ezagunena.

Aurrekontu berriarekin lanean hasi, eta Jimmy Baronen agurra etorri zen. Europako ispilua gabe, Errusiako errubloen txin-txin hotsa entzun zuen estatubatuarrak, eta taldeak ez zion oztoporik jarri, haren soldataren truke bi jokalari fitxatu zituelako: Chris Lofton eta Qyntel Woods. Aste honetako berria da Loftonen lesioa eta agurra. Umezurtz geratu da Lagun Aro, herren, eta Lofton ordezkatuko duen jokalariak ere denbora beharko du taldera egokitzeko. Woodsek ere hilabete luzea beharko du, Jari Korolevek bezala.

Baldintza horietan, zer? Neto eta Salgadorekin konfiantza edukitzea, onena. Dani Diez hegalekoak gauza onak erakutsi ditu, eta Guille Rubiok eskarmentua du akuilu. Doblasek eta Papamakariosek jokalari garrantzitsuei dagokien erantzukizuna hartu beharko du, eta Ibekwek aurre-denboraldiko lau partidetan erakutsi duen gaitasun fisikoari zukua atera.

Helburu apalak finkatzea komeni, baldintza horiekin. Bosgarren postua sekulakoa izan zelako, baina hori errepikatzea zaila, ezinezkoa dirudielako. Hiru izar distiratsu galdu ditu taldeak: ligako jokalari onena, Panko, bosteko onenean sartu zuten bestea, Vidal, eta Baron maisua zen hiruko jaurtiketetan. Hegan egin dute hirurek. Litekeena da taldeak dezente sufritzea Gabonak arte, eta prestatzen hastea, onena. Harmailetako bultzada, behintzat, ez dute faltan botako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.