TENISA. AUSTRALIAKO IREKIA

Iragarritako finala

Henin-Hardenne eta Clijsters izango dira emakumezkoen finalean; Safinek Agassi kanporatu du

Erredakzioa
2004ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Australiako Irekiak ez du ezusteko finalik izango. Denboraldiko lehen torneo handia hasi aurretik finala belgikarren artekoa izango zela ziotenek bete-betean asmatu dute. Justine Henin-Hardenne eta Kim Clijsters, Kim Clijsters eta Justine Henin-Hardenne, azken hilabeteetan tenisaren erreginak bilakatu diren tenislariak ariko dira bihar nor baino nor gehiago urteko lehen hitzordu nagusian.

Biak ala biak nagusitasun osoz sailkatu dira finalerako, set bakarra galdu gabe. Bien arteko partidak kitarako kutsu nabarmena izango du. Iaz bi bider izan ziren aurrez aurre torneo handiren bateko finalean (Roland Garros eta AEBetako Irekia), eta bietan Henin-Hardenne izan zen nagusi. Biharko lehian munduko lehen zerrendaburua izatea ere egongo da jokoan. Egun, Henin-Hardennek du ohore hori, baina Clijsters atzean du, atzaparkada emateko prest. Biharko finala irabazita, bere helburua lortuko luke Clijstersek.Finalean izateko azkeneko oztopoa atzo gainditu zuten bi belgikarrek. Henin-Hardennek Fabiola Zuluaga torneoko ezustea kanporatu zuen, aise, eta biharko hitzordu garrantzitsurako indarrak gorde : 6-2 eta 6-2. Clijstersek, aldiz, Patty Schnyder suitzarra utzi zuen bidean. Belgikarra jokatu ez jokatu izan zen azken unera arte jokatzeko moduan zegoen jakiteko, proba txiki bat egin zuen partida hasi baino 20 minutu lehenago, baina pistan erakutsi zuen sasoi betean egon ez arren Schnyder beteranoa baino askoz gehiago dela. Lehen setean jaun eta jabe izan zen Clijsters (6-2), baina bigarrenean, nekea zela medio, arazo gehiago izan zituen. Azkenean, tie-break-ean eskuratu zuen bigarren seta, eta finalerako txartela.

Safin esnatu egin da

Gizonezkoetan, aldiz, Marat Safinek ezustea eman zuen, eta Andre Agassi iazko irabazlea utzi zuen finaletik at, bost set gogorretan (7-6, 7-6, 5-7, 1-6 eta 6-3), ia lau orduan. Errusiarra esnatu egin da, eta iazko denboraldi eskasa ahazteko helburuarekin jo eta ke egin du lan urte hasieran. Atzokoa lan horren fruitua da, besterik ez. Safinek Juan Carlos Ferrero edo Roger Federer izango du aurrean finalean. Finalerdi hori gaur jokatuko da.

-

Datuak





33 eta 26

Marat Safinek 33 tanto egin zizkion Andre Agassiri sakez (ace). Errusiarrak, halaber, estatubatuarraren bolada ikusgarria eten zuen. Agassik Australiako Irekian jokatutako azken 26 partidak irabazi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.