Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Irakasleari klaseak emanez

Edvald Boasson Hagenek irabazi du Tourreko seigarren etapa, gorako joera zeukan amaieran potentzia erakustaldia emandaLevi Leipheimer erori egin da, eta galera handia pilatu du helmugan: 1.05 minutu

unai zubeldia
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Esprinterra dela dioenak ez du huts egingo; klasikozalea dela dioenak ere ez; igoera gehienetan hainbestean moldatzen dela dioena gezurretan ari denik ere ezin esan daiteke; eta apustu segurua da erlojupekoetan aurretik baino atzetik txirrindulari gehiago izango dituela esatea. Edvald Boasson Hagen (Sky) baino txirrindulari osoagoak gutxi daude tropelean. Thor Hushovd herrikideari (Garmin-Cervelo) hamar bat urte kendu, eta Sky taldeko gaztearen aurpegia agertuko litzateke parez pare. Norvegiarrak garaipen asko pilatu beharko ditu oraindik Philippe Gilberten (Omega Pharma-Lotto) parera iristeko. Baina berea du etorkizuna. Irabazi du etapa bat Frantziako Tourrean, itzuliko luzeena (226,5 km), eta Pirinioetan eta Alpeetan ere ez da ezkutatuko, ondo bidean gogotik lan egingo duelako Bradley Wiggins taldekidearen alde. Ume aurpegia dauka, eta ikasteko asko dauka oraindik, baina aurrerantzean askotan agertuko da bere izena hitz larriz idatzita.

24 urte eskasekin hasi delako irakasleari berari klaseak ematen. Norvegian nahiago izaten dute eskiak jantzi eta elur artera joatea. Baina bizikletari heltzen diotenak ez dira herrenak izaten. Hushovd eta Boasson Hagen dira adibideetako bi. Handia izan da Hushovd, eta izarren pare dabil oraindik ere, Tourreko liderraren maillota jantzita. Esprinter peto a zen lehen, baina, Gilberten ondoan egindako entrenamenduek lagunduta, puntako klasikozale bihurtu da azken urteetan. Abiadura galdu arren, burua eta potentzia irabazi ditu.

Eta maisu handiari begira, txirrindulari puska bihurtzen ari da Boasson Hagen ere. Sky taldea goxo-goxo zaintzen ari da Norvegiako harribitxia, eta etorkizunean emango du zeresanik. Igotzaile fina delako, ordokizale ona, esprinter bikaina... Txirrindulari handia jaiotzen ari zen Norvegia aldean, baina oinez ikasterako hasi da korrika. Ez du gehiegi itxoin nahi izan. Irabazi du Tourreko lehen etapa, eta atzetik etorriko zaizkio beste asko. Atzokoaren moduko erakustaldiak emateko gai den txirrindulariak ziurtzat jo dezakeelako arrakasta.

Gorako joera zeukaten Lisieuxeko azken metroek, eta, Mark Cavendish ahaztuta, Matthew Gossen alde lan egin zuen Highroadek. Gilbertek ere gorriz markatuta zeukan atzoko etapa amaiera, eta baita Jose Joaquin Rojasek (Movistar) ere. Baina etorkizuneko klasikozalearentzat lekua gordeta zeukan Lisieuxeko helmugak. Alferrikakoak izan zen Anthony Roux (FDJ), Lieuwe Westra, Johnny Hoogerland (Vacansoleil), Leonardo Duque (Cofidis) eta Adriano Maloriren (Lampre) ihesaldi luzea. 11 minututik gorako aldea ere izan zuten, eta, tropela gerturatzen ari zela ikusita, Malori bakarrean saiatu zen gero. Eta alferrikakoa izan zen Jelle Vanenderten (Omega Pharma-Lotto) azken aldapa gogorreko kolpe saiakera. Alberto Contadorrek berak ere (Saxo Bank) egin zuen erasoa jotzeko keinu txiki bat, baina itxura izan zen gehiago, aurkariak urduritzeko mugimendua.

RadioShacken zorigaitza

Hori bai, Boasson Hagen irakasleari klaseak ematen hasi baino lehen, Tourrean izar izan beharreko beste maisu bat geratu zen atzo bide bazterrean, kolpez josita. Helmugara iristeko lau kilometro eskas falta zirenean erori egin zen Levi Leipheimer (RadioShack), aldaparik handiena gerturatzen ari zenean, eta 1.05 minutu galdu zuen helmugan. Andreas Kloeden eta Chris Horner biko beteranoa bakarrik geratzen zaio osorik RadioShack taldeari.

Le Mans eta Chateauroux artean, zazpigarren etapa jokatuko da gaur, 218 kilometrokoa. Ibilbide guztian ez dago inolako zailtasunik, eta, ezusterik ezean, esprinta izango da amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.