Iraultzak norbaitek edo zerbaitek eragindakoak izaten dira. Beti egoten da motiboren bat atzean. Kirolean ere gertatzen dira. San Juanek ere izan zuen, aurreko denboraldia amaitu berritan. Behetik gora berriro ere bultzatu zuen egitasmoak eman zituen eman beharrekoak. Igor Makazaga orduko entrenatzaileak agur esan zion bere betiko klubari, lanak bukatuta zeuzkala eta. Atzetik etorri ziren arraunlari mordo baten ezezkoak, jarraitzearen inguruan.
Horiek horrela, beste egitasmo bati ekin behar zitzaion. Aurreneko lana entrenatzailea lotzea zen, eta azkar egin zuen lan hori zuzendaritzak. Urrutira jo zuen, baina etxeko baten bila: Joseba Fernandez. Zortzi urtez Galizian eta Kantabrian (Espainia) ma-kina bat lan egin eta gero, etxekoen deia jaso zuen. Baietz esan zuen.
Hurrengo zeregina arraunlariak aurkitzea izan zen. Aurreko urteetan arraunean egiteko aukera gutxi izan zuten gehienek baiezkoa eman zioten Joseba Fernandezi. Beteranoren bat edo beste ere geratu egin zen iaztik, eta arrauna aspalditxo utzita zeukaten beste heldu batzuk itzuli egin ziren. Osatzeko, Fernandezek konfiantzazko arraunlari bat ekarri zuen Castrotik: Sergio Gondra. Horra trainerua osatuta.
Behin iraultza gauzatuta, lanean hasteko garaia heldu zen, eta lan ona egin zuten. Izan ere, neguko traineru jaitsieretan, oso emaitza onak lortu zituen San Juanek. Askok espero ez zutenean, gainera. Horrek indarra, konfiantza eta lasaitasuna eman zien aurrera jarraitzeko. Ontzi txikietan ere denak emanda ibili eta gero, emaitza bikainak erdietsi zituzten. Eta orain, arraun munduko ontzi nagusiari eta lehiaketa handienei egin behar aurre.
Arraunlari beteranoen eta gazteen arteko nahasketa izango da uretan ikusiko dena. Zer eman dezakeen ez dago argi. Negukoari segida ematen badiote, mailari lasai eusteko helburua lortzen ez dute arazo handirik eduki beharko. Baina, Fernandezek berak esaten duen bezala, neguko emaitza on haiek ez dira baleko erreferentzia. Konfiantza indartzeko oso onak izan zirela bai, baina udan gauza bera egiteko bermea ez omen dute ematen.
Beste ontzi askori bezala, galderaren ikurra jarri behar zaio, hortaz, San Juan honi. Beraiek hala diotelako, batez ere, eta gero, iraultza guztietan sortzen delako zalantza: balekoa izan ote da, ala ez? Beste guztien kasuan bezala, erantzunak etzitik aurrera hasiko dira argitzen. Lehiaketak esango du San Juan hau zertarako gai den.
Arrauna. San Miguel ligako taldeak: San Juan
Iraultza behartua
Zerikusi gutxi izango du aurtengo San Juanek azken urteetakoekin, hainbat aldaketa dagoelako arraunlari multzoanEntrenatzailea ere berria da, baina etxean ezaguna: Joseba Fernandez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu