Iraultza logikoa Caparrosena

Athleticek Almerian jokatuko du gaur, eta entrenatzaileak etxean utzi ditu ohiko bost titular

haritz gallastegi
2009ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Joaquin Caparrosek txandakatzeak egingo ditu Athleticek Almeriaren aurka gaur jokatuko duen partidan. Espero zen, egia esan. Lehenago edo geroago hartu beharreko erabakia zen. Valentziaren kontra pasa den igandean jokatutako partidaren bigarren zatian nabarmen ikusi zen taldea nekatuta zegoela. Indar barik ailegatu zen neurketaren azken txanpara.

Ligan ikusitakoa Espainiako Kopan baieztatu zen. Azken denboraldiotan Athleticen ilusio handiena sortu duen norgehiagokan, hain zuen. Sportingen aurkako Kopako partida adierazgarria izan zen oso. Nahi eta ezin aritu zen talde zuri-gorria. Txinpartarik gabe. Nekatuta. Ezinean. Aspaldiko partidarik garrantzitsuena zen, baina...

Athletici Kopan gertatu zitzaiona espero zen. Talde gutxi daude hiru astean sei neurketa ia hamaikako berberarekin jokatu eta nekea nabaritzen ez dutenak. Beharbada ez da egongo hori egiteko gai den jokalari multzorik. Baina are eta gaitzagoa da Athleticek dituen ezaugarriekin irautea. Zuri-gorriek %100 eman behar dute neurketa bakoitzean lehiakorrak izateko -hala ere, beti ez dira ondo aritzen-. Baloiaren atzetik kilometro asko egiten dituen taldea da. Bestalde, San Mamesen jokatzen duenean erritmo handiko partidak jokatzen ahalegintzen da.

Futbolariek duten nekea ez da izan txandakatzeak egiteko arrazoi bakarra. Nekea eta Kopako itzulikoa hartu behar dira aintzat txandakatzeak ulertzeko. Athleticentzat Molinoneko partidak Almeriaren kontra jokatu beharreko neurketak baino garrantzi handiagoa dauka. Kopa da lehentasuna. Lehiaketa azken txanpan dagoelako batetik, eta Ligan lasai egoteko aukera ematen duten puntuak irabazi dituelako bestetik. Athleticek behin edo bitan huts egiteko aukera dauka. Kopan, berriz, ezin du hutsik egin. Kalera, bestela.

Teknikari zuri-gorriak bost jokalariri eman die atseden. Ociori eta Javi Martinezi txartela behartzeko eskatu zien Valentziaren aurkako partidan. Zigortuta daude. Ion Velezek, Iraolak eta Llorentek joka dezakete, baina etxean geratu dira. Beraz, Caparrosen taldearen bizkarrezurra osatzen duten ia jokalari guztiak geratu dira kanpoan.

Entrenatzaileak hartutako erabakiak emango du zeresana. Onerako edo txarrerako izango den jakitea falta da bakarrik. Athleticek hiru puntuak irabazi eta bolada onarekin jarraitzeko gaitasuna erakusten badu, aspaldian hasierako hamaikakoan jokatzeko aukera izan ez duten futbolariek edozein mementotan taldean sartzea merezi dutela erakutsi dutela esango da. Hugo Sanchezek entrenatutako taldearen kontra galduz gero, berriz, Athleticek partida bota egin zuela esango da. Futbolak dituen gauzak dira.

Caparrosek zenbait jokalariri atseden emango ziela asmatzea ez zen gaitza. Askoz ere nekezagoa da gaur zelairatuko duen hasierako hamaikakoa asmatzea. Ohiko hamaikakotik atezaina, erdiko atzelari bat eta zelai erdiko hegalekoek jarraituko dute. Gainerako zazpiak berriak izan daitezke. Etxeita da Iraolak eskuin hegalekoan utzitako lekua betetzeko hautagai nagusia. Ezkerretik Balentziaga arituko da, eta Amorebietaren ondoan Ustaritzek jokatuko du. Zelai erdian ere ez da berritasunik faltako. Euskarrian Yestek eta Gurpegik joka dezakete. Eta aurrean, hiru jokalari bi posturako: Garmendia, Toquero eta Etxeberria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.