Futbola. 2012-2013 denboraldia: Reala

Iraunkortasuna lortu nahian

Jarraitutasuna topatzen ahaleginduko da Reala sasoi honetan, etxetik kanpoko ibilia zuzendu eta koska bat igotzekoEntrenatzaileak eta jokalariek elkar hobeto ezagutzeak mesedegarri izan behar luke

Iraunkortasuna lortu nahian.
Donostia
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Esandakoari eginak eman behar dio segida, baldin eta hitzak zentzurik izango badu. Hain zuzen, errota horrek mugitu du Realaren eguneroko hizkera azken urteetan. Igoerari egonkortasunak hartu zion gaina Lehen Mailan berriz ere iritsitakoan. Geroxeagokoa da koskortzea. Aurten, berriz, iraunkortasunaz mintzatuko dira lehen taldeko ordezkariak. Helburuak betez, bestelako lanaldi batera igaro baitira. Beste pauso bat eman nahi dute aurrera, bai multzo moduan, bai sailkapenean, bataren ondorio zuzena baita bestea. Pauso hori zenbat eta sendoagoa izan, orduan eta bide seguruagoa izango dute txuri-urdinek aurreko sasoietako emaitzak hobetzeko.

Futbolean prozedurak izaten dira, eta gauzatzeko bere denbora izan ohi du bakoitzak. Maila nagusira itzuli bezain pronto, goiari eustea zen kosta ahala kosta lortu beharreko jomuga. Bigarrengoan, sufrikarioak saihestuz hazten jarraitzea. Hirugarrengoan, berriz, aurreko sasoiko hamabi garaipenak gainditzea eta, batez ere, buru aldetik gogorragoa izatea, gorabehera gutxiago izatea.

Philippe Montanierrentzat bigarren denboraldia izango den heinean, jokalariek egokiago deskodetu beharko lituzkete zelaian entrenatzailearen burutazio eta mezuak, egokitze fasea aurreko sasoian pasatu baitzuten. Jose Mourinho Real Madrileko entrenatzailearen plangintzaren oinarrian irakur liteke hori. Batak bestea sakonago ezagutzen duenez, hobeto dakienez zer eska dezakeen eta zer jaso trukean, errendimenduak gora egin beharko luke. Realeko prestatzailea ideia jakin batzuekin iritsi zen duela hamalau hilabete Anoetara, eta, horiek lantzearekin batera, kalitatezko jokoa sortzea da, noski, jarraibidea; aldagelaren irabazle izaera akuilatzea izango da gakoa.

Lorenzo Juarros Loren kirol arduradunak esan du iritsia zaiela «aurrerapausoa emateko ahalmena badagoela frogatzeko garaia». Beste era batera esanda, etxetik kanpoko zenbakiak hobetzekoa. Joan den urtean hamalau puntu bildu zituzten, azken lau sailkatuek —Racing, Sporting, Vila-Real eta Granadak— baino gehixeago ozta-ozta. Beste guztiak txukunago aritu ziren, eta ez bakarrik aurreko sasoian: orain bi sasoiko emaitzetan ere, gipuzkoarrak moldatu ziren traketsenik Lehen Mailan jarraitzen dutenen artetik.

Anoetako zenbakiei begiratuz gero, egia da soilik lehen zazpiek lortu zituztela emaitza hobeak. Horixe da buruketaren konponbidea: okerrak zuzentzea eta ongi egindakoei segida ematea. Erronka horretatik irabazle irteteko, kanpoko zelaietan inolako loturarik gabe jokatzeko asmo sendoa du taldeak. Izan ere, Anoetako taupadak sentitu nahi dituzte handik urrun; sinisteak lagunduko die, pentsaera aldatzeak.

«Gustuko» taldea

Realeko kirol agintariak konforme geratu dira bulegoko lanarekin. Montanierrek espero du beste urtebetez elkarrekin egonda taldearen mailak gora egitea. «Gustuko dut sasoi honetako Reala», azpimarratu du.

Gonzalo Castro eta Carlos Vela fitxatzea lehentasuna zen, eta, neurketak irabazteko erreferentzia izan ahala, exijentziak ere halakoxea izan beharko du haientzat. Jose Angel ezker atzelaria etortzeak atzean zegoen hutsunea estaltzeko balio izan du. Hartara, De la Bellak lehia izateaz gain, Cadamurok bere toki naturala berreskuratuko du. Beste bi izen gehitu behar zaizkie aipaturiko horiei, multzoa egituratze aldera: Javi Ros eta Ruben Pardo gazteenak. Gauza on asko erakutsi dituzte prestaketa aste hauetan, eta lasai esan liteke Iñigo Martinez eta Asier Illarramendiren lorratz distiratsuak ari direla zapaltzen. Iritsi berria izan ez arren, Diego Ifran sar liteke zaku horretan, zenbait arrazoirengatik oso gutxi jokatu baitu azken bi urteetan. Badirudi taldearen mesedetan bere onena emateko jokabidea hartu duela behingoz, eta, dohain askoko aurrelaria izanik, zer esana izan lezake.

Vadim Demidov, Joseba Llorente eta Mikel Aranburu faltako dira iazkoaren aldean. Lehen biak ez ziren sartzen entrenatzailearen pentsamoldeetan. Aranbururen erabakiari dagokionez, Realeko inork ez du zerikusirik izan. Azpeitiarrak Xabi Prietori eman zion besokoa, eta, Bravo, Ansotegi eta Mikel Gonzalezekin batera, esperientzia emateko zeregina izango du. Futbolari fidagarriak dira guztiak ere, beti erantzuten dutenak. Guztien artean lortu behar dute Aranbururen ahotsa barreiatzea. Elustondo, Zurutuza eta Agirretxerentzat, gora egitea ez den beste ezer atzerapausoa litzateke; dena ondo bidean, hasierako hamaikakoan izango dira gehienetan. Eta izen guztien gainetik, beharbada, Griezmannena azaltzen da. Barrutik ariko da, zelai erdiaren goialdean: jokoa sortuz, area zapalduz, jokaldiei bukaera emanez. Ez da ahaztu behar golak sartzeko erraztasuna ere baduela; horrek denak garrantzia berezia ematen dio. Sasoiko dabil, eta lasai. Realaren aro berriaren ikur nagusia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.