Alderik samurrena erakutsi zuen beste behin Realak herenegun, Granadan (Espainia), eta erabat zimeldu zuen Sevillaren aurkako garaipenak eragindako bizipoza. Vallecasen gertatu moduan, jokalari bat gutxiagorekin geratzea gehiegizko zigorra izan zen Philippe Montanierren taldearentzat —epaileak Asier Illarramendi egotzi zuen 45. minutuan—, eta horri aurre egiteko argudiorik gabe, aurkariak desegin egin zituen txuri-urdinak azkenerako, estatistikak bezalaxe. Izan ere, Granadak benetako arazoak zituen golak sartzeko: etxean aurrez jokatutako 11 partidetan hamar baino ez zituzten ospatu, eta txapelketako eskasenak ziren alor horretan. Halabeharrak tokirik ez duenez futbolean, datu horrek ez die inolako mesederik egiten txuri-urdinei, eta lehiakortasun geruzan sarriegi izaten dituzten pitzadurak sakon aztertu beharko lituzkete. Hobetzeko mamia egon badagoelako taldean.
Helburu jakin batekin ekin zion Realak bigarren itzuliari: berandu baino lehen mamu guztiak uxatzeko etxean indartsu bilakatzea. Anoetatik aurkari zuzenak igaroko direla jakinik, bistan da lasaitasunaren giltza bertan aurki dezakeela, baina ikuspegi horrek ere arriskuak dauzka: kanpoan punturik bildu ezean, huts egiteko tartea nabarmen estutzen da ondoren etxean, eta horrek larritasuna eragiten du. Halako zerbait gertatu zitzaion aurreko denboraldian, eta azken segundora arte ezin izan zuen kendu lepoaldeko soka latza.
Iraunkortasunik gabe aritzearen ondorio garbiak dira, eta Realak fidagarriago izatea lortzen ez duen bitartean, beheko putzutik ihes egiteko borrokan iltzatuta geratuko da. Ez aurrera, ez atzera. Ezin ditu-eta aurreraka egiteko aukerak baliatu, benetako jauzia egin ziurtasunen alde. Lehen ipurdikoa Mallorcan hartu zuten, bosgarren jardunaldian. Garai hartan Michael Laudrupek zuzentzen zituenak nora ezean zebiltzan, barne arazoz beteta, eta, gainera, Realak aurrea hartu zuen partidan, Agirretxeren jaurtiketa loratu eder bati esker. Ligaren hasieran ongi egindakoak berresteko aurreneko ahalegina zen. Baina ezin: 2-1 galdu zuten txuri-urdinek.
Horren ondotik izan zituen Montanierrek garairik ilunenak, bi hilabete luzez egon baitziren irabazi ezinik. Betisen zelaian 2-3 irabazita gainditu zuen bukaerako azterketa entrenatzaileak, eta hurrengo astean, etxean Malaga garaituta (3-2), arnasa sakon hartzeko modua izan zuten. Bi garaipen garrantzitsu izan ziren segidan. Denboraldian aurrenekoz, premiarik gehien zuenean,eta oraingoz, azkenekoz.
Urte hasieran, hiru puntu zoragarri ekarri zituzten Mestalla gaiztotik, historiari hordagoa irabazita. Haatik, Diego Simeoneren Atletico Madrilek zapuztu zuen handik egun gutxira Valentziako garaipenak sorrarazitako zirrara. 0-4 azken emaitza, erabateko porrota. Zaharrak berri, hortaz.
Edonola ere, partidak jarraian irabazteko ezina txapelketako talde gehienen gaitza da. Mallorca, Realaren hurrengo aurkaria, eta Zaragoza —atzo Betisen aurkako partidan gertatutakoa kontuan hartu gabe— ez dira bi partida bata bestearen atzetik irabazteko gai izan. Racing eta Sportingek, biak ala biak zuloan sartuta, behin lortu dute, Realaren eta Vila-realen moduan. Getafek bi aldiz lortu arren, ez dabil ibilera arinarekin. Atal berezia merezi dutenak Betis eta Rayo Vallecano dira. Andaluziarrak izango dira, beharbada, gorabeheratsuenak. Txapelketako lehen lau neurketak irabazi eta gero, puntu bakarra atera zuten ondorengo hamar partidetatik. Gero, berriz ere, hiru partida irabazi zituen segidan, eta burua altxatu. Harrigarria. Madrildarrek, berriz, hiru alditan lortu dute, eta, herenegun Levante garaituta, hiru daramatzate jarraian. Vallecasetik urrun lortzen ari diren emaitza ederrengatik da hori. Real Madrilen ondoren, berak batu du punturik gehien: hemezortzi. Hori bai, eskasenetakoa da etxean, partida gehien galdu duena behintzat. Beste talde horien adibideek argi erakusten dute miseriak kutsatu egiten direla eta sailkapenaren bigarren erdian ari direnak ez dabiltzala soberakin handiekin.
Dena den, Montanierren eta haren jokalarien betebeharra fidagarritasun eta lehiakortasunera salto egitea da. Orain artekoan, gora egiteko koskara zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta handiagoa izan da danbatekoa. Urrutira begiratu gabe, ezin esan egutegiak bizkar emango dionik, San Mameseko lehia salbuetsita. Mallorca, Zaragoza eta Levante izango dira Anoetan, eta hirurak garaitzeak betetzeko moduko helburua behar luke izan. Etxetik kanpo, berriz, derbiaren ondoren, Getafen jokatuko du, etxean puntu gutxien batzen ari direnetariko baten aurka. Ezinezkoa da aldez aurretik jakitea non bilduko dituen puntuak, baina ikuspegia ez da desatsegin-desatsegina.
Gaur-gaurkoz, alde txikia dago sailkapenean. Laugarren postutik 17.era, Espanyol eta Vila-realen artean, zazpi punturen tartea baino ez dago. Txuri-urdinentzat garrantzitsuena da udazkenean hondoa jo eta gero burua altxatzea lortu dutela. Azken 11 neurketak aintzat hartuz, hemezortzi atera dituzte. Soilik Real Madril eta Bartzelona dauzka gainetik. Levante, Sporting eta Zaragoza aritu dira okerren tarte horretan.
Iraunkortasunik eza buruko min
Denboraldi honetan darabilen ibilbide gorabeheratsuaren beste erakustaldi bat eman zuen Realak igandean GranadanHuts egin ondoren, berriz hasi beharra daukate txuri-urdinek, Mallorcari irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu