Mark Cavendishi (Highroad) bideratzaile lanak egin; Mark Cavendishi azken kokapenean lagundu; Mark Cavendishi autotik ur bidoia eraman... Taldean lider argi bat dagoenean, itzalean geratzen dira gainerakoak, eta joan den denboraldian horrelako zerbait gertatu zitzaion Matthew Harley Gossi. Mark Cavendishen itzala izateko, ondoan egoteko, laguntzeko, horixe eskatu zioten. Eta hala egin zuen. Dotore egin ere. CSCn eta Saxo Banken hiru denboraldi igarota, Man uharteko txirrindulariari esprintak errazteko fitxatu zuen Columbiak Goss. Bizia da, abiadura puntu polita dauka, eta joan den sasoian bertan lortu zituen garaipen politak. Italiako Giroko bederatzigarren etapan, esaterako, Filippo Pozzatori (Katuxa) eta Tyler Farrarri (Garmin-Cervelo) aurrea hartuta.
Baina atzo arte esprinter handien zerrendan bete-betean sartu gabe zegoen australiarra. Milan-San Remo handia zeukan parean atzo Highroadekoak. Eta, hasiera batean, eginbeharra, betikoa zuen: Cavendishen ondoan egotea eta Poggion behera hari ondo kokatzen lagundu ondoren, esprintean azken estutua ematea. Gogor-gogorra izan zen, ordea, denboraldiko lehen klasiko handia, eta berez esprinter petoentzat egokia izaten den lasterketa iraupen proba bihurtu zen. Erorikoak batean eta zulatuak bestean, zortzi txirrindulariko taldetxo bat besterik ez zen iritsi San Remoko azken zuzengunera. Eta, ahal izan zuen moduan iraun ondoren, esprintean ez zuen aurkaririk izan australiarrak.
Fabian Cancellara (Leopard-Trek) eta Philippe Gilbert (Omega Pharma-Lotto) ere ez ziren gai izan parean jartzeko. «Ez nuen espero irabaztea», aitortu zuen Gossek behin helmuga marra igarota, erabat hunkituta. «Poggion gora adi egon naiz, banekielako erabakigarria izan zitekeela. Eta amaieran egin behar nuena egin dut. Ez neukan taldekiderik, baina ondo moldatu naiz esprintean neure kasa». Erabat ahituta iritsi ziren txirrindulariak azken esprintera. Michele Scarponik (Lampre) jo zuen esprinta eskuinetik; Gilbert saiatu zen atzetik; Cancellara ere bai ezkerretik. Baina esprinter petoek irabazi ohi duten erraztasun berarekin gailendu zen Goss San Remon. 102 urteko ibilbide oparoan, Europakoa ez den lehen garailea da Goss.
Euri zipriztina izan zen atzo Milan-San Remon, eta ezaugarri horrek erabat baldintzatu zuen proba. Lasterketa hastearekin batera sortu zen lehen ihesaldia, 12. kilometroan. Takashi Miyazawa (Farnese Vini-Neri Sottoli), Mikhail Ignatiev (Katuxa), Alessandro De Marchi (Androni) eta Nico Sijmens (Cofidis) joan ziren ihesean, eta hamahiru minututik gorako aldea ere izan zuten.
Manie igotzen hasterako hasi zen tropela hausten, hogei bat laguneko erorikoa izan zelako. Cancellara dena emanda jarri zen tropeletik tiraka, baina Thor Hushovdek (Garmin-Cervelo) bere kasa egin nahi zuen lan. Erasoa jo eta aurrekoen bila joan zen. Baina Manien behera erori eta aukerarik gabe geratu zen. Oscar Freireren moduan (Rabobank). Cavendishek, berriz, gurpila zulatu zuen. Helmugara iristeko 25 kilometro falta zirela, 1.40 minutura zihoan hiru faborito horien taldea. Aurrean ziren Cancellara, Gilbert, Alessandro Petacchi (Lanpre), Alessandro Ballan (BMC), Vinncenzo Nibali (Liquigas)...
Nibaliren eraso gogorra
Hain zuzen ere, Liquigasek gogortu zuen lasterketa Cipressan gora. Erritmo bizi-bizia jarri eta lanak zaildu zizkion atzeko taldeari. Baina, hala ere, azken abentura saioa egin zuten lau txirrindularik: Greg Van Avermaet (BMC), Stuart O'Grady (Leopard-Trek), Steve Chainel eta Yoann Offredok (Francaise des Jeux). Van Avermaetek Poggion gora ere eutsi zion buruari, baina Nibalik sortu zuen sua atzean, eta horrek hautsi zuen tropeltxoa. Bizirik irauteko lehian, zortzi txirrindularik eutsi zioten buruari, arnasestuka bada ere. Baina esprinter bakarra zegoen aurrean: Matthew Goss.
Iraupen probako esprinta
Matthew Gossek irabazi du Milan-San Remo klasikoa, zortzi laguneko talde batean esprintean gailenduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu