Txirrindularitza. Italiako Giroa

Irauteko ere komeriak

Joaquim Rodriguez liderrak irabazi du Dolomitetako lehen etapa, eta Roman Kreuziger lehertuta geratu da Giaun goraMikel Nieve ausart aritu da urrutitik erasoa jota, eta Beñat Intxausti seigarren jarri da

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Pedalei eragiteko indarrik ez dago Giroan. Eta indar apur bat daukanak beldurra dauka sobera. Erasorik gabeko Giroa da aurtengoa. Batek erritmoa jarri eta ahal duenak eutsi. Liquigasek agindu, eta Joaquim Rodriguezek (Katuxa) eskuak altxatu. Talderik indartsuenak ondoan ez dauka liderrik onena. Oraingoz. Eta liderrik onenak ez dauka talderik indartsuena ondoan. Ez orain eta ez gero. Triskantza eragiten saiatu zen atzo Liquigas, Dolomitetako lehen etapa serioan, Giaun gora; eta, neurri batean, lortu zuen helburua, Giroa irabazteko aukerarik gabe utzi zuelako Roman Kreuziger (Astana), jota. 11.26 minutu galdu zituen helmugan.

Hainbeste lan eginda, ordea, errematea ematea falta zaio Ivan Bassori (Liquigas). Sinetsita dago eroriz joango direla aurkariak. Eta errealitatea dauka alde, Kreuziger Giauko lehen maldetan nola, hala geratu zelako igoerako azken 500 metroetan atzean Michele Scarponi (Lampre). Kolpera geratzen ari dira liderrak indarrik gabe. Baina azken 18 kilometroetan ausardia falta izan zitzaion laukoteari etapa bakarrean Kreuziger, Scarponi eta Rigoberto Uran (Sky) Girotik kanpo uzteko. Domenico Pozzovivo (Colnago), Ryder Hesjedal (Garmin), Rodriguez eta Basso igaro ziren aurrean Giauko pankartapetik; hamar bat segundo atzerago zen Uran, lehertuta; eta karranpekin pedalei eragin ezinik, Scarponi, Uranengandik beste hamar bat segundora.

Hesjedal saiatu zen jaitsiera teknikoan erritmoa bizituta Basso urduritzen, eta Uran eta Scarponi are atzerago uzten. Baina faboritoetako inork ez du jo oraindik benetako kolperik. Jaitsierako tarte batean pedalei eragiteari utzi eta iztarretan masajea emanez egin zuen Scarponik kilometro oso bat. Gorputza bere onera ekarrita, Uranek hiru kilometro lehenago egin bezala, helmugarako bi kilometro eskas falta zirenean aurrekoekin bat egiteko balio izan zion geldialdiak. Azken kilometroko harbide zatiko igoerari ekin berritan, elkarrekin zen Giroko seikoterik indartsuena.

Eta errepide estuko aldapa motz eta gogor samarra diseinatzen duenak badaki irabazlearen izena zein izango den: Joaquim Rodriguez. Kataluniarrak aise irabazi zuen seikotearen esprinta, eta bigarren etapa garaipena eskuratu zuen aurtengo Giroan. Nahiko lanekin dabiltza denak ere, irauteko komeriak dituzte, baina bihar eta etzi Dolomitetako bi etapa gogor-gogorrek eman beharko dute azken epaia, Milango azken erlojupekoaren baimenarekin. Oraingo aldeekin dena alde dauka Hesjedalek, eta erasoa jo beharra daukate Rodriguezek, Bassok eta Scarponik. Behar izatea ez da ahal izatea, ordea.

Txurrukarekin aurrera Nieve

Ausarten sailkapena eginda, Mikel Nieve eta Euskaltel-Euskadi bera jarri beharra daude goiko muturrean. Jose Serpa (Androni), Branislau Samoilau (Movistar), Matteo Montaguti (Ag2r), Matteo Rabottini (Farnese) eta Kevin Seeldrayers (Astana) ia sei minutuko aldearekin zihoazela, Euskaltel-Euskadi tropeletik tiraka hasi zen. Bazuten intentzioren bat. Erritmo dotorea jarri zuten Valparola bigarren mailako mendate luzean, eta azkar jaitsi zuten aldea hiru minututik behera.

Kilometro gutxi aurrerago argitu zen Euskaltelen asmoa. Passo Duranen gora Liquigas lanean hasi berritan zela, helmugara iristeko 63 kilometro falta zirela jo zuten erasoa Amets Txurrukak eta Nievek berak. Aise iritsi zen leitzarra aurrekoengana, baina ordurako lasterketa gogortzen hasita zegoen Liquigas. Intentzio handiko eraso ausarta izan zen leitzarrarena, baina 15 kilometro geroago harrapatu zuen tropelak. Giaun gora igoera ona egin ondoren, bigarren taldetxoan helmugaratu zen azkenean, 1.22ra, Beñat Intxaustirekin (Movistar) batera. Sailkapenean seigarren dago Intxausti, eta 16. Nieve.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.