Iribarrek ikus beza

Athleticek atezain mitikoa omenduko du gaur, indarrez gainezka etorriko den Malagaren kontrako partidan

Jose Angel Iribar, atepean, Lezamako gimnasioan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gaur beteko dira 50 urte zarauztar gazte batek Athleticen atea lehen aldiz zaindu zuena. Ez zuen lan erraza ilusioz gainezka zegoen hasiberri hark: apurka-apurka Carmelo Cedrun handiaren lekukoa hartzeko aukeratua izan baitzen. Atezain durangarrak emandako mailara gerturatzearekin konforme lirateke orduko jarraitzaileak. Baina Jose Angel Iribarrek txiki utzi zituen aurreikuspen guztiak. Europako atezain onenetarikoa izan arte hazi zen. Ez zegoen geldiketak erraz egiten zituen atezain hura gaindituko zuenik. Ez zeukan jokaldia loratu beharrik onena zela erakusteko. Eta hala, poliki-poliki, klub zuri-gorriko mito nagusietako bat izanarteko bidea egin zuen. Eta gaur egun ere, Athletic Espainian zehar bidaiatzen ari denean, jokalari askok baino ikusmin handiago sortzen du. Luzea baita Iribarren itzala.

Athleticek Malagaren kontra jokatuko duen neurketa hasi aurretik omenaldia egingo dio klubak. Josu Urrutiaren mezua argia izango da: «Iribar gehiago behar ditu Athleticek». Kluba barru-barrutik sentitzen dutenak, alegia. Eta, harmailetatik beste behin Iribarri gorazarre eginez kantatzen dutenean, oilo ipurdia jarriko zaie Katedralean bilduko direnei. Egun berezia izango da,Iribarrek debutatu zueneko taldearen kontra ariko baita Athletic. Baina, seguruenik, rolak aldatuta egongo dira. 1962-63ko sasoian belaunaldi aldaketa abian jarri zuen talde indartsua zen Athletic —Iribarrekin batera, Iñaki Saezek, Txutxi Arangurenek eta Fidel Uriartek debutatu zuten—. Malagak, berriz, nahikoa zuen mailari eustearekin. Espainiako taldea azkena sailkatu zen sasoi hartan.

Baina, esan bezala, egun bestelakoak dira kontuak. Athletic talde ona oraindik ere. Hala ere, egun kosta egiten zaio txapelketen lehian egotea. Malaga, ordea, bere historiako garairik gozoenean dago. Lehen aldiz ari da Txapeldunen Ligan. Indartsu hasi da, gainera. Zenit talde indartsua jipoitu berritan agertuko da San Mamesen. Ligan, berriz, goian dago, jokoan egon diren hamabi puntuetatik hamar irabazita. Horretarako, 11 gol sartu ditu eta bi jaso. Talde orekatua da, beraz. Eta hori guztia egiten ari da, abuztuan proiektu guztia pikutara joateko zorian egon zen arren. Diruz urri zeudela eta, taldeko izar nagusietako bi saldu egin behar izan zituzten: Cazorla eta Rondon. Hala ere, indartsu egin du aurrera. Iscok, Joaquinek eta enparauek hartu dute aginte makila, eta bai ondo hartu ere. Talde arriskutsua da egun Malaga. Horregatik, azterketa gaitza dauka gaur Athleticek. «Maila oneko talde baten kontra neurria ematea falta zaigu. Malaga bere garairik gozoenean dago, eta, beraz, aukera aproposa izan daiteke gure helburua lortzeko», esan du Andoni Iraolak. Hala izan dadila.

ATHLETIC-MALAGA

Athletic. Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Amorebieta, Castillo; Iturraspe, De Marcos Muniain; Susaeta, Isma Lopez; eta Aduriz.

Malaga. Caballero; Gamez, Demichelis, Weligton, Monreal; Eliseu, Toulalan, Camacho, Isco; Joaquin eta Saviola.

Epailea. Mateu Lahoz.

Lekua. San Mames (40.000 ikusle).

Ordua. 19:50 (GolT / C+L).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.