Iritsi berriaren ilusioa

Aiala Zarautzek denboraldi-aurreari ekin dio.Zarauztarrek etxeko jokalariak izango dituzte oinarri 32 urte geroago maila nagusian aritzeko

Aiala Zarautzeko jokalari eta entrenatzaileak, atzo, denboraldi-aurreko lehen entrenamendua hasi aurretik. ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2015eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Kito. Lanean dira jada Espainiako Ohorezko Mailako hiru euskal taldeak. Bera Bera izan zen oporrak bazter batean utzi zituen lehena. Donostiako taldeak joan zen ostegunean ekin zion sasoi-aurreari. Atzo, ordea, Aiala Zarautz eta Prosetecnisa Zuazo hasi ziren lanean.

Baten eta bestearen artean, ordea, bada alderik. Zarautz maila nagusian ariko da, han azkenekoz lehiatu eta 32 urtera. Hiru hilabete joan dira jada, baina Zarautzen ez dute ahaztu bertako taldeak egindako balentria. Ez da gutxiagorako, handia izan baitzen Martin Larrañagak entrenatutako taldeak egindakoa. Ordu arte mailari eustea helburu zuen taldeak goia jo zuen, igoera lortuta.

Pistako lana eginda, bulegokoa egin beharra zegoen, hots, maila nagusian aritzeko nahikoa babesa lortu. Eta lan horretan ere ondo aritu dira klubeko ordezkariak, helburua lortu baitute: pistan irabazitako sariak ihes ez egitea.

Maila aldaketak, ordea, ez du filosofia aldaketarik eragingo. Etxeko jokalariak izango dira taldearen oinarria. Iraultzarik ez da izango ere, aurreko sasoiko taldearen oso antzekoa izango da datorren sasoikoa. Bi jokalarik bakarrik ez dute jarraituko: Maddalen Cardenasek eta Eider Uriak. Bi jokalari joan, eta bi jokalari iritsi. Itziar Ubillos andoaindarra eta Nora Kortaberria elgoibartarra fitxatu ditu Zarautzek. Aurrenak 25 urte ditu, eskuin hegalean jokatzen du, eta Leonen aritu da azken sasoietan. Kortaberriak, berriz, 18 urte besterik ez ditu, erdikoa da, eta Elgoibar taldetik dator. Halaber, Nagore Odriozola etxeko atezaina taldera itzuli da, ikasketak direla eta Bartzelonan bizi ondoren. Andrea Zalduak, azkenik, taldean segituko du beste urtebetez Bera Berak utzita. «Oso argi genuen etxeko jokalariek izan behar zutela oinarria. Jokalariren bat behar badugu ere harrobitik egingo dugu tira. Zorionez, jokalari on asko ditugu. Lasai gaude», aitortu du Martin Larrañagak.

Aiala Zarautzeko entrenatzaileak argi du helburua: «Partida guztietan eman behar dugu gurea. Badakigu talde batzuk gu baino koska batzuk gorago daudela, eta oso-oso zaila izango dela irabaztea. Partida horietan saiatuko gara galduz gero, taldeak ez dezala jaso kolpe handirik».

Erronkaren zailtasunaren jakitun da entrenatzaile usurbildarra. Hala, azpimarratu du mailari eustea «sekulako lorpena» litzatekeela. Horretarako, uste du «oso garrantzitsua» izango dela ahal den azkarren zehaztea zeintzuk izango diren haien pareko aurkariak. «Beldurrik ez dugu, baina bai ilusio handia». Eta ilusioa aipatuta, ezin ahaztu estreinakoaren arerioa: Bera Bera. Irrikan dira Zarautzen partida hori noiz iritsiko. Irailaren 5ean da neurketa.

Zuazok gora egin nahi du

Zarautzekin batera hasi da lanean Zuazo ere. Barakaldoko taldea sendotu egin da Espainiako Ohorezko Mailan, eta, behin hori lortuta, aurrerapauso bat eman nahi du. Hori lortzeko bost jokalari fitxatu ditu: Izaskun Mujika, Laura Steinbach eta Jessica Nogales lehen lerrokoak, Veronica Berastain eskuin hegalekoa eta Merche Castellanos atezaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.