21 pilotarik hartuko dute parte txapelketan. 11 dira Asegarcekoak, eta 10 Aspekoak. Ostiralean bertan hasiko da lehiaketa. Naxeran (Errioxa), Nagorek eta Goñi III.ak jokatuko dute, Aspe euren enpresak horrela erabakita, aurrekanporaketa bat. Hortik aurrera, iazko lehiaketa sistema berbera. Final-hamaseirenak lehenengo, final-zortzirenak ondoren, final-laurdenak gero eta iaz horrenbeste polemika eragin zuen finalerdietako ligaxka berriro, finalaren aurretik. Hori bai, oraingoan, partida batetik bestera bi asteko tartea izango da ligaxkako partidetan. «Badakigu aurtengo lehiaketa sistema ere ez dela ziurrenik guztien gustukoa izango, baina, gure iritziz, sistema onena da. Joan den ekitaldian ez zuen sistemak kale egin, inolaz ere espero ez ziren gauzak gertatu ziren», argitu zuen atzo EPELeko presidente Julian Arruabarrenak. Berriro horrelakoren bat gertatuko balitz, pentsatuta daukate konponbidea. «Araudiak argitzen ez duen zerbait gertatuko balitz, EPELeko epaile bakar Borja Osesek hartuko luke erabakia». EPELen Eskuz Banakako Txapelketa da aurtengoa ere. Arruabarrenak, dena dela, argi utzizuen enpresek aukeratzen dituztelapilotariak. «Iazko ranking-a errespetatzen saiatzen gara, eta pilotari bakoitzak uneotan duen sasoia».Eta enpresak direnez pilotariak aukeratzen dituztenak, Patxi Mutiloa Aspeko gerentea saiatu zen argitzen zergatik antolatu duten Nagoreren eta Goñi III.aren arteko aurrekanporaketa, Goñi III.ak igandean binakako finala jokatu zuela jakin eta, batik bat, iaz ranking-ean Pascual baino gorago gelditu zela jakinda. «Erabaki hori hartzea ez zaio gustatu ez Fernandori eta ezta guri ere. Gure 10 pilotarik parte hartzea nahi genuen, ordea, eta ez geneukan beste aukerarik. Berari tokatu zaio. Asperen erabakia izanda eta erabat geure egiten dugu. Finala jokatu ez balu, denbora gehiago izango zuen Fernandok ere. Barkamena eskatzen diogu».Baina ez zen hori argitu beharreko puntu bakarra. Aritz Berraondok aurten lehen mailan aritzeko eskubidea lortu zuen iaz, Xabier Imaz segurarra 2. mailara bidalita. Antzuolakoa hasita zegoen jada entrenatzen, baina ez duela jokatuko jakin du duela gutxi. Mutiloaren gogoeta, argigarria izan zen oso: «Pilotariak aukeratzeko garaian zenbait irizpide hartzen ditugu aintzat: kirol irizpideak, pilotari bakoitzaren sasoia eta bakoitzaren bultzada komertziala. Hori da kirolaren oinarria. Kirol profesionala da, jendeak pilotari horiek ikusi nahi dituelako». Horiek izan ziren Aspeko gerentearen argudio «galiziarrak» Mutiloak berak onartu zuenenez. Benetakoak ondoren: «Ranking-a eta beste irizpide horiek kontuan hartuta, Berraondo ez dugu sartu, beste 20 pilotariek berak baino maila hobea dutela uste dugulako, eta ikusleari begira ere beste izenek zerbait gehiago esaten diotelako. Tamalez, beti gelditzen da norbait kalean». Iazko aurkezpenean horrenbeste nabarmendutako igoera eta jaitsierarik ez da izango aurten gero ez errespetatzeko, ez du merezi, baina datorren urtean «saiatuko» omen dira berriro indarrean jartzen. «Txapelketa lehen zortzi postuetan amaitzen dutenak eta 2. mailako txapeldunari tokia gordetzea daukagu pentsatuta, eta gainontzekoak gonbidapenez sartuko lirateke», adierazi zuen Arruabarrenak.
Hortik joan ziren aurkezpeneko ildo nagusiak. Arruabarrenak eta Mutiloak eman zituzten azalpenak, eta Lizartza aurkezleak ere lagundu zien. BBK-ko ordezkari Nora Dañobeitia eta Asegarceko gerente Iñigo Salbidea izan ziren beste mahaikideak. Joxe Arriaran eta Luziano Juaristi txapeldun ohiak ere han izan ziren.
-
BERRITASUNA
Enpresaren eta pilotariaren botileroak
Aurtengo txapelketako berritasunetako bat da botilero-teknikariaren izendapena. Alegia, enpresa ezberdinetako bi pilotarik elkarren kontra aritu behar badute, bakoitzaren enpresak aukeratuko du botileroa. Enpresa bereko bi pilotari aritzen direnean, pilotariak berak aukeratuko du botileroa, baina botilero horrek EPELen idazki bat sinatu beharko du aurretik, bertan jakinarazten zaizkion arauak onartzen dituela esanez.
Dopin kontrolaren inguruan ere aritu ziren atzo. EPELeko presidenteak esan zuen gai horrekikoak bukatzeko azken txanpan daudela, baina laborategien eta medikuen ingurukoak falta zaizkiela zehaztea. Zehazten badira, kontrolak egongo dira.
-
erreakzioak
PATXI RUIZ (Txapelduna)
«Badakit aurten erantzukizun handiagoa dudala, baina lasai nago»
«Badaramatzat jada entrenamendu batzuk eginak, eta ongi ari naiz prestatzen lehen partida horretarako. Talde zaila tokatu zait: Xala, Peña, Koka, Goñi... Badakit aurten erantzukizun hansiagoa izango dudala, baina ez nau askorik kezkatzen, lasai nago, badakit berriro txapela ateratzea zaila izango dela, baina aukera badaukat. Orain lehen partida dut buruan».
ASIER OLAIZOLA (Asegarce)
«Zerrendaburu izateak erantzukizuna du, baina saria ere bai: finalerdiak»
«Ez nekien ziur Beloki kanpoan geldituko zen edo ez, baina banekien hura kanpora geldituta ni izango nintzela zerrendaburua, iaz bosgarren gelditu nintzelako. Erantzukizun handia da, baina saria ere badauka, irabazita finalerdietan sartzen zarelako zuzenean. Pena da hor Belokiren lesioarengatik egotea, baina urte hauetan egin ditut merituak ere hor egoteko».
MIKEL GOÑI (Aspe)
«Aurten lasaiago nago, badakidalako baldintza egokietan irtengo naizela»
«Aurten lasaiago nago, badakidalako baldintza egokietan irtengo naizela jokatzera. Egun batean jokatzen duzu dena eta egun horretan gauza guztiak ongi irten behar zaizkizu. Baldintza egokietan izanda, hori lortzeko aukera gehiago izaten dituzu behintzat. Ilusioz gainezka nago, eta ea ligaxkan sartzen naizen. Hori da nire aurtengo helburua».
OINATZ BENGOETXEA (Asegarce)
«Ez nuen espero; uste nuen 2. Mailako Txapelketa jokatu beharko nuela»
«Ilusio handia egiten dit manomanista nagusia jokatzeak. Ez nuen inondik ere espero, nik pentsatzen nuen 2. mailakoa jokatu beharko nuela. Joan den astean esan zidaten zerbait, eta atzo baieztatu zidaten. Badakit jendeak esango duela ni entxufatuta sartu naizela, ni baino maila handiagoko jendea kanpoan gelditu da, baina erabakia enpresarena izan da».
ABEL BARRIOLA (Aspe)
«Iaz ere esan nuen nik ligaxka jartzearekin ez nagoela ados»
«Txapelketarik garrantzitsuena da, pilotariak ongien prestatzen duena. Hiru aste barru sartuko naiz lehian, eta ez dago denbora asko, ea ordurako ongi prestatzen naizen. Ez dakit noren kontra ariko naizen, baina Eugi iristen bada ez da kontrario erraza izango. Aurtengo sistema? Esan nuen bere garaian ligaxkarekin ez nagoela ados. Gogorregia da. Ea pilotariok irauten dugun».
OIER ZEARRA (Asegarce)
«Binakakoan izandako sentsazio onak nahi ditut buruz burukoan berretsi»
«Nahiko une politean iritsi da txapelketa niretzat. Eskuetatik-eta oso gustura nabil, ea maila ona emateko gai naizen. Iaz ez nuen parte hartzerik izan, eta aurtengoa niretzat aukera ona da. Binakako Txapelketan eduki ditudan sentsazio on horiek nahi ditut buruz burukoan berretsi. Txapelketa aurten sekula baino irekiago dago, Belokiren lesioa dela eta».
FERNANDO GOÑI (Aspe)
«Bete-betean egoteko eskatzen dizute, eta gero hori lortzea eragotzi»
«Ranking-ak gauza batzuetarako balio du nonbait, eta beste batzuetarako ez. Ikusitakoak ikusita, jar dezatela nahi duten sistema eta azalpenak ematen ez daitezela saiatu ere egin. Bete-betean egoteko eskatzen dizute, eta gero zailtasunak baino ez dituzte jartzen hori lortzeko. Aurkezpena, pilota aukeraketa, partida... Larunbatean entrenatu beharko dut!».
OLAIZOLA II.A (Txapeldunordea)
«Aurten ere ligaxka jarri dute, iaz horrenbeste polemika eragin arren»
«Egin ditut bi entrenamendu, eta garrantzitsuena izan da ez dudala inolako minik nabaritu. Hori bai, atzeko koadroetatik piloteatzeko-eta konfiantza gutxi dut oraindik. Aurten ere ligaxka jarri dute, iaz horrenbeste polemika sortu zuen arren. Gauza batzuk ez dira ongi egin: pilotari batzuk kanpoan, aurrerago egon behar zutenak atzerago... Urterokoa».