Bi selekzio zelten arteko partidak itxiko du Sei Nazioen Torneoko lehen jardunaldia. Irlandak etxean Galesko selekzioa hartuko du (16:00, France2). Irlandak O'Connel, O'Gara, D'Arcy eta O'Callaghanen belaunaldiari konfiantza berretsi dio, eta nazioartean kolpea emateko azken aukeretariko bat izan du aurten.
Etxean hasiko dira Declan Kidneyren jokalariak, eta aukera hori alferrik pasatzen ez dute utzi nahiko, lehian modurik onenean sartzeko. Parean, baina, oso aurkari arriskutsua izanen dute.
Galesek eman zuen joan zen udazkeneko Munduko Kopan ezustekoa, eta horri eutsi nahiko dio. Warren Gatland hautatzaileak apustu ausartak egin zituen orduan, Warburton, Halfpenny, Roberts, Faletau eta beste jokalari gazte batzuei leku handia utziz hasierako hamabostekoan.
Zeelanda Berriko hautatzaileak parioarekin jarraituko du, eta gaur jokalari gazte horiek hasieratik zelairatuko ditu. Galeskoak torneoa irabazteko faboritoak dira, Frantziarekin batera. Hala ere, ikusi beharko da orain hilabete batzuk ezustea eman eta gero jokalari gazte horiek nola erantzungo dioten sortu duten ikusminari. Irlandak, beti bezala, oparirik ez die eginen, eta oso partida borrokatua izatea nahiko du.
Irlandak torneoa irabazteko hautagaitza sendotu nahi du
Declan Kindeyren jokalariek Gales hartuko dute, iazko Munduko Kopan ezustea emandako selekzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu