2009ko azaroan gertatu zen. 2010eko Hego Afrikako Munduko Kopa jokatzeko kanporaketan, Irlanda eta Frantzia aritu ziren aurrez aurre. Parisen zen itzuliko partida, eta 0-1 galtzen zihoan Frantzia. Emaitza horrekin, Irlanda zen sailkatzekoa.
Luzapeneko 104. minutuan, ordea, berdinketaren gola egin zuen Gallasek Frantziaren alde. Hark baloia sareratu aurretik, Thierry Henry Frantziako aurrelariak argi eta garbi jo zuen baloia eskuarekin, baina epaileak ez zuen falta adierazi, eta ontzat eman zuen gola; Irlanda kalera eta Frantzia munduko kopara.
Gertaera hori salatu ez zezan, bost milioi euro ordaindu zizkion FIFAk Irlandako Futbol Federazioari. Hala jakinarazi du John Delaney Irlandako Futbol Federazioko presidenteak. RTE kateari azaldu dio ordainketa hori ez zela legezkoa izan.