«Irregular dabil taldea»

Xepe Gallastegi entrenatzaileak ondo ezagutzen du Eibar, eta, haren ustez, taldeak gabeziak dauzka defentsan eta erasoan, baina zulotik aterako dela dio.

Sergi Enrich, etsita, denboraldi honetako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Barru-barrutik ezagutzen du herriko futbol taldea Jose Gallastegi Xepe-k (Eibar, Gipuzkoa, 1957), besteak beste, bertan lanean aritua baita: bigarren entrenatzaile izan zen Bigarren Mailan hamar urtez, eta denboraldiren batean taldearen ardura hartzea ere tokatu zitzaion, emaitza onarekin, gainera. Ondo aztertuta dauka Jose Luis Mendilibarren taldearen jokoa, eta gabezia nagusi bat ikusi dio: «Irregular ari da sasoi honetan». Horixe da ezberdintasuna aurreko denboraldiekin alderatuta: «Etxean ezin du hartu aurreko urteetan hartzen zuen abiadura eta segida. Partida on batzuk baino ez ditu egin orain arte, Atletico Madrilen, Levanteren eta Sevillaren aurka, baina puntu garrantzitsuek ere joan zaizkio: batez ere, Mallorcaren aurkakoa aurrekoan, eta Espanyolen kontrakoak liga hasieran».

Gabezien sustrai horretatik bi adar atera ditu: «Defentsan eta erasoan ikusten dut ezberdin lehengoarekin alderatuta». Atzeko lana xehatzen hasita, presioko lana nabarmendu du, baina ez onerako: «Aurreko denboraldietan baino txispa gutxiagorekin ari dira lan horretan». Defentsako lanari beste zulo handi bat ere aurkitu dio: «Jokatzen duen bezala jokatuta, atzeko lerroa oso aurreratuta, aurkariei aukera asko ematen dizkie min emateko». Erasoari dagokionez, berriz, iruditzen zaio batzuetan azkarregi iritsi nahi izaten duela taldeak aurkariaren area barrura: «Oso zaila da aurrelarientzat edozein lekutatik egindako erdiraketak ondo harrapatzea». Baloia erabiltzen ere ez omen dabil bizi taldea: «Niretzat, makalegi mugitzen du». Hitzok esanda, ematen du ezbaian jartzen ari dela Mendilibarren jokatzeko modua, baina ez da horrela: «Ez noa Jose Luisen lanaren aurka, ezta gutxiago ere. Taldea egoera honetatik ateratzeko gai den entrenatzailerik bada, hori bera da».

Lesioen zamaz ere aritu da: «Jokalari asko ari dira lesioak izaten, eta horrek ere ez du batere laguntzen. Ondo zaintzen dira jokalariak, baina, hala ere, min erraz hartzen dute, eta beste eragozpen bat gehiago dira taldearentzat lesio horiek guztiak».

Gabeziak zerrendatu eta gero, zulo horiek nola estaliko lituzkeen azaldu du: «Defentsan, etxean batez ere, pixka bat kontserbadoreago ariko nintzateke, hainbeste zulo utzi gabe aurkariei. Erasoan, aldiz, iruditzen zait jokalari batzuk beren mailaren azpitik dabiltzala». Pedro Leon eta Takeshi Inui ekarri ditu solasaldira: «Jokalari garrantzitsuak dira hegaletatik erdiraketa onak egiteko, baina ez dira asmatzen ari. Eta bi horien lan onaren beharrean da orain taldea».

Gabeziak gabezia, uste du Eibarrek lortuko duela Lehen Mailan jarraitzea: « Jakina da aurrelariak ez direla asmatzen ari, baina asmatuko duten itxaropena badut». Hiru partida irabazita Eibar mailari eusteko moduan izango dela uste du, eta partida horietan dauka jarria fedea aurrelariengan: «Ziur naiz hemendik eta liga amaitu bitartean hiru bat partida on egingo dituztela, denek ez bada, haietako batek edo bik. Uste dut Charlesek, adibidez, asmatuko duela, eta sartuko dituela golak taldeak behar duenean».

Aurrera ondo egingo duen ustean, badu beste segurtasun uste bat ere: «Jose Luisek eta klubak sekulako konfiantza daukate jokalariengan: badakite gai izango direla babak eltzetik ateratzeko, eta hori oso garrantzitsua da».

Itxaropentsu izateko beste helduleku bat ere badu Gallastegik: «Taldea esperientzia handikoa da, eta ez zait iruditzen urduri jarrita daudenik, ezta jarriko direnik ere egoera zaila izanagatik ere». Garbi dauka egoera zailetatik ateratzeko egokiagoak direla eskarmentua duten taldeak. Horrekin lotuta, zuloan dauden taldeen artean, beste aldarte batean ikusi ditu, adibidez, Espanyol eta Mallorca: «Ez dut uste aterako direnik». Bigarren Mailara bi horiek jaitsiko balira, beste bat faltako litzateke, eta eman du izen bat: «Kontuz Valladolidekin, ez jaisteko lehian sartzeko arriskuan ikusten baitut. Leganes ere zuloan dabil aspaldi, eta ea zertarako gai den».

«Egoera normala»

Gallastegik eskarmentua nahi beste dauka, eta Eibarren makina bat partida ikusten ditu denboraldiro, aspalditik, gainera. Horregatik, lasaitasun mezua helarazi du: «Ez dezala inork pentsa Eibar jaitsieratik bi puntura egotea ezohiko zerbait denik. Erabat normala da egoera hau, eta orain hau bizitzea tokatzen da».

Aurreko sasoietan ere «antzeko trantzeetan» egon izan dela gaineratu du: «Nahiz eta azkenean lasaitasun handiz eutsi zion mailari, une batzuetan taldea orain bezala edo okerrago egon zen, eta atera egin zen gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.