Espero zezakeen itzulera bikaina izan zuen atzo Iker Irribarriak. Hainbat hilabetez jokatu ezin egon ostean, Rezustarekin osatu zuen bikotea atzo itzulerako partidan, Gautegiz-Arteagan (Bizkaia), eta 22-8 irabazi zieten Bengoetxeari eta Albisuri. Dejadak, erremateak, indarra, abiadura... Bengoetxeak ezin izan zuen ezer egin Irribarriak egindako erakustaldiarekin. Rezusta ere sendo egon zen atzean, eta biek ere gustora ibili zuten pilota batetik bestera.
Zortzi hilabete pasa dira Irribarriak azkenezko jokatu zuenetik. Eskuin belaunean zuen lesioak pilotalekuetatik kanpo egonarazi du aramarra, baina atzo sasoi bikainean dela erakutsi zuen. Hasieratik, gainera, zalantzarik gabe jokatu zuen, eta inork ez zukeen esango hainbeste denbora jokatu gabe egon den pilotari bat denik. Partidaren ondoren ere aitortu zuen ondo sentitzen zela entrenamenduetan, baina jendearen eta telebistaren aurrean jokatzea falta zuela, eta hor ere gustora agertu zen egindako jokoarekin.
200 lagun inguru bildu ziren frontoian itzulera ikusteko, eta horiek ere gozatu zuten. Batez ere, Irribarria eta Rezusta markagailuan 6-9tik 7-20ra heldu zirenean.