Igande ederra. Asteburu bustia iragarri zuten eguraldi adituek, baina larunbatean ez zuen iragarritakoa adina bota. Euskal Herrian. Malagan San Emeterio erauntsiari eutsi zion Unicajak, besteak beste, jokalari bakar batek jai duelako bospaseiren aurka. Igandean bai, igandean suelto bota zuen euria. Donostian Bilbon baino gehiago. Bilbo Basketek erakustaldia eman zuen bigarren laurdenean, eta 32 puntu sartu. Lidergoan daude bizkaitarrak, orain 34 hilabete bezala. Joan den sasoiko hasiera eskasak eragindako mamua erabat uxatu dute. Donostian ere lasaitua hartu dute, Fuenlabradako porrotak zalantza asko eragin zituelako. Cajasolen aurkakoak argi erakutsi zuen zein izango diren taldearen ikurrak etorkizunean: defentsa eta blokea. Izarren gainetik.
Miribilla. Edo ofizialki, Bilbo Arena. Bizkaia Bilbo Basketek jokaldi ikusgarriren bat egiten zuen aldiro irrintzi ozen bat entzuten zen harmailetan. Casillan ere botako zituzten, baina giroaren beroan ez ziren entzuten. Bizkaia Arenan ere botako zuten bakarren bat, baina pabiloiaren handitasunean galtzen zen oihartzuna. Vassileiadisen lau puntuko jokaldian, Martin Ranciken jokaldi pare batean, Warrenen saskiratze dotoreren batean... Mendietan ardiak zaintzen dabiltzan artzainetan omen du jatorria irrintziak, baina alaitasuna, poza adierazteko modua omen. Bilbo Arenan ez zen artzain asko bilduko.
Arnasa. Bi jardunaldi bakarrik jokatu dira, eta ez da komenigarria muturreko jarrerak hartzea. Lagun Arok Cajasolen aurka galdu izan balu, bakarren bat urduritzen hasiko litzateke, baina ez da halakorik gertatuko. Besteak beste, Lagun Arok partida bikaina egin zuelako, defentsan batez ere. Alfonso Sanchezek bikain zaindu zuen Louis Bullock, eta Ritxi Urizek eta Salgadok ere bai Calloway. Zer esan Doblas, Miralles eta Kone hirukoak egin zuen lan apartaz. Erasoko 17 errebote berreskuratu zituzten Cajasoleko pibotek, baina jaurtiketan asmatu ezinik aritu ziren: 18 jaurtiketa egin zituzten Paul Davis, Ivanov eta Triguerok, eta bost bakarrik sartu. 17 puntu denera. Doblasek 16 puntu lortu zituen. Irrintzia ez, oihu ozenak egin zituen partida bukaeran.
Dakitenen esanak. Han eta hemen, saskibaloi taldeen jarduna aztertzen duten aditu asko topa daitezke komunikabideetan. Pepe Laso da horietako bat, saskibaloi jakituria handiko entrenatzaile ohia. Honatx Unicaja-Baskoniari buruz esandakoak: «Baskoniak pick and roll (blokeoa eta jarraipena) mugimenduan zuen indarra galdu du, Barac ez delako Splitter bezain bizkorra eta azkarra, eta hor hasten da arazoa. Blokeo onik gabe, jaurtitzaileek ez dute jaurtiketa onik bilatzen, eta Huertasek ez du abantailarik lortzen jokaldi hasieran. Aurkariek, gainera, ez diote zaintza bikoitzik egiten Baraci, haren mugak ezagutzen dituzte eta». Baskoniak Malagan galdu egin zuela esan behar al da? Saskipean sekulako zuloa daukala ere bai?
Aldi baterako langileak. Normalean uzta biltzen duten noizbehinkako langileekin gogoratzen gara, baina saskibaloian ere badaude kontratu laburra duten jokalariak. Bigarren jardunaldian, harritzeko modukoa izan da horietako batzuen jarduna. Bilbo Basketeko Martin Rancikek bere kirol ibilbideko partida onenetakoa jokatu zuen Valentziaren aurka: 18 puntu eta 21eko balorazioa. Hamar egun barru bukatzen zaio kontratua. Zer esan Baskoniako Florent Pietrusi buruz? Bederatzi errebote, defentsa eta kemena. Barac kutsatzeko aukera izango balu... Hilabeterako sinatu du. Ez dira adibide bakarrak. Sergio Sanchez dotore aritu zen Valladoliden, eta Josh Fischer ere bai Bilbo Basketen. Denak kontratu luzeagoren bat lortzeko itxaropenarekin.
Irrintzien oihartzuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu