Javier Mandiola, 'Manix'. Alaveseko eta Eibarreko entrenatzaile ohia

«Iruditzen zait Eibarrek abantaila pixka bat duela gaur»

Berdindua ikusten du gaur eguerdiko derbia Manix Mandiolak, nahiz eta, haren ustez, Eibar konfiantza handiagoarekin ariko den, Betisen aurkako emaitza eta jokoaren eraginez.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Lanik gabe dagoen entrenatzailearen aulkitik ari da futbolari begira Javier Mandiola Manix (Eibar, Gipuzkoa, 1958). «Laster aterako zait zerbait, agian», esan du, gaur Mendizorrotzan Alavesek eta Eibarrek jokatuko duten derbiaz solasean hasi baino lehen. Ez da alferrik bi taldeetako entrenatzailea izan iraganean.

Nolako itxura hartzen diozu gaurko derbiari?

Bi taldeak daude puntu premian, baina Eibarrek konfiantza handia hartu zuen astelehenean Betisi irabazita, eta jokatu zuen moduan jokatuta, eta, horregatik, gaur abantaila pixka bat duela iruditzen zait. Baina Alavesek ere zerbait egin nahiko du etxean, eta berdindua izango dela iruditzen zait. Pilota izango balitz dirua parean aterako litzatekeela uste dut. Ez dut faborito argirik ikusten.

Eibarrek Betisi irabazi zion bezala irabaztea joan zen astelehenean, ezustea izan zen?

Baietz esan beharko da. Itotzear denarena egin zuen: azkeneko ahalegina egin ez itotzeko, eta, premia larrienean, bizirik dagoela erakutsi.

Bi taldeak sailkapenean atzean izanda, elkarren aurka aritzea orain ona da ala ez?

Euskal Herriko futbolaren ikuspegitik, ona. Biek ezin dute galdu. Galtzekotan, bakarrak galduko du, eta, berdintzen badute, bientzat puntu bana.

Presio askoz handiagoa dauka Alavesek?

Bai, eta etxean jokatzen du, gainera. Sendoagoa da De Biasirekin, baina partida ia guztietan irabazteko aukerarik eduki gabe ikusi dut, eta sartua dago dinamika txarrean. Ematen du Alavesi gehiago kostako zaiola Eibarri baino.

Ez al du talde justu samarra Alavesek?

Bai. Eibarrek eta Alavesek antzeko taldeak dauzkate. Baditu Alavesek jokalari batzuk talde handiagoetan jokatzeko modukoak, baina talde gisa ahul azaltzen ari da. Eskerrak beste talde batzuk ere, Malaga eta Las Palmas, adibidez, eskas ari diren, eta horri esker lehian jarraitzeko aukerekin da Alaves.

Beste taldeek utzitako hainbat jokalari dauzka Alavesek, eta gauzak oker doazenean jokalari horien konpromisoa justua izateko arriskua egoten da?

Jokalaria ez da oroitzen horrekin zelaian ari denean. Bakoitzak bereari begiratzen diola ere egia da, baina entrenatzailea dago taldea egiteko. Beraien taldeetan kontratua ziurtatua daukate utzitako horiek datorren denboraldirako, baina, hala ere, ez dut uste erdizka ibiliko direnik. Logika horri segitzen bazaio, Messik eta Cristianok jokatu ere ez lukete egingo, daukaten dirutza ikusita, ezta? Utzita egon arren, Munir, Bojan eta horrelakoak gazteak dira, eta nahiko dute erakutsi badirela zerbait. Dena emateko motiboak dauzkate.

Eibarren taldea ere justu antzekoa geratu zaio Jose Luis Mendilibarri, lesioren eraginez batez ere. Miraria ari da egiten entrenatzailea?

Aurreko denboraldian aritzen zen ohiko hasierako hamaikakoa hartu, eta erdiak ez dira ari jokatzen, ez daudelako edo min hartuta daudelako. Uste dut taldea osatzeko garaian ez duela asko asmatu Eibarrek denboraldi honetan. Sekula ez dut lan hori egin, eta erraza ez da izango. Beste taldeek diru gehiago eduki izanak ere eragina izango zuen, agian. Hala eta guztiz ere, Mendi hor egonda jokalariei dena eskatzen, eta beraien onena atera nahian, helburua beteko duelakoan nago.

Mendilibarrek baduela hori, jokalari denei onena ateratzeko abilezia, ezta?

Mendilibarrek beste taldeetan egindako lana hor dago. Daukanarekin eta izan duenarekin beste taldeetan ezin da mirarik egin, eta beti atera izan die taldeei onena. Eibarrek daukan onena Mendilibar da, eta aldatu ezin daitekeen bakarra hura da.

Hirugarren denboraldia izanik taldean, bat gehiago osatzera animatuko litzateke?

Zaila da laugarren denboraldi batean diskurtsoari eustea, eta jokalariak nekatu ere egin daitezke, nahiz eta entrenatzaileak arrazoia eduki. Etxean bezalakoa izaten da hori: gurasoek izan dezakete beti arrazoia, baina, egunero gauza berberak entzuten, seme-alabak nekatu egiten dira. Berarentzat ere ona litzateke beste motibazio batzuk bilatzea. Ez dakit zer egingo duen, baina Eibarren segitzekotan erabateko ilusioarekin izan beharko litzateke. Baina, horretaz guztiaz hitz egiteko, lehendabizi sasoia bukatu behar da, eta ea gauzak ondo bukatzen diren, futbolean ez baitu ezertarako balio luzera begira hitz egiteak.

Alaves eta Eibar ezberdin ari dira jokatzen, entrenatzaile bakoitzaren ereduaren arabera.Alde horretatik ere interesgarria da gaurkoa, ezta?

Bai. Futbolean denak balio du, eredu batek eta besteak. Mendi ausarta da, eta badaki zenbat eta gorago lapurtu baloia gertuago izaten duela taldeak aurkariaren atea. Filosofia horrekin jokatzen du zelai handietan ere, eta hartu izan ditu zaplazteko batzuk, baina bere ibilbidean erakutsi izan du merezi duela halako arriskuak hartzea. Bestea, De Biasi, italiarra, beste kultura batekoa da. Ikusgarriak ez dira italiarrak, baina praktikoak, bai. De Biasik ere badu ibilbidea eginda, eta Zubeldiaren alboan, badu beste zerbait, beste esperientzia bat.

Luis Zubeldia aipatu duzunez, ez da De Biasiren eskola berekoa, eta zein iritzi duzu Alavesek egindako aldaketa handi horretaz?

Uste dut ezberdinak direla. Zubeldia hau aurpegiz joan zalea zen, eta, horrela jokatzeko, aurpegia ez ezik beste zerbait ere behar da, eta Alavesek ez dauka. Eibarrek ere ez du kalitate hori, baina Mendiren filosofia halakoa da.

Alaves honentzat nahiago duzu zuk De Biasi Zubeldia baino?

Bai. Aurrera ausart jokatzeko, kalitatea behar da. Etxeak oinarri sendoa behar du sendoa izango bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.