Aurreraka doa binakako txapelketa amaigabea, eta iritsi da hirugarren jardunaldira. Hain zuzen ere, Aspeko eta Asegarceko bikoteak elkarren aurka jokatzen hasiko diren jardunaldira. Irujo eta Barriola Arretxe II.aren eta Beginoren aurka ariko dira aurrez aurre, gaur, Etxebarrin (22:00, ETB1). Lehenengoak faborito dira, eta ezusteko handia gertatu beharko litzateke hirugarren puntua ez lortzeko. Kantxa barruan bikote sendoa osatzen dutela erakutsi dute orain arteko partidetan. Jokatutako bietan garaipena lortu dute; Asegarcekoek, aldiz, ez dute oraindik punturik lortu, eta azken lehian, gainera, bost tantoan gelditu ziren.
Txapelketa luzea da, bai, baina berandu baino lehen esnatzea komeni zaie Asegarcekoei. Begino iazko txapelduna da, baina orduko mailatik urrun dago. Eta, noski, aurkariari ez badio bizkarrik erakusten, Arretxe II.ak apenas amai dezakeen tantorik. Beraz, bolada txarra eten, eta puntuak batzen hasi beharra daukate. Ordea, ez dituzte horretarako aurkaririk aproposenak: «Badakigu oso zaila dugula irabaztea, baina lor dezakegu. Zergatik ez. Gurea eman behar dugu».
Bihar, Bilbon eta Tolosan
Txapelketak bihar jarraipena izango du, eta bi neurketa jokatuko dira. Bilbon ikusmina piztu duen lehia bat izango da: Titin III.a-Merino II.aren eta Olaizola II.a-Beroizen artekoa. Tolosan, berriz, Xala eta Laskurain lehen puntua lortzen saiatuko dira Berasaluze VIII.aren eta Albisuren kontra.
Irujo-Barriola faborito dira gaur, Etxebarrin, Arretxe II.a eta Beginoren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu