Iruñeko Labrit frontoian atzo egindako pilota aukeraketan, Juan Martinez de Irujok esan zuen sekulakoa dela finalerdietako ligaxka bukatu bezperan finalean sartzeko aukera izatea eta zoriontsu dagoela, egin zuten txapelketa hasiera kontuan hartuta eta bidean izan dituzten oztopoez ohartuta. «Txapelketa arraroa izan da. Gogorra, bereziki gogorra niretzat. Partida baten faltan finalean sartzeko aukera izatea sekulakoa da. Ni zoriontsu nago», nabarmendu zuen.
Joan den asteburuan nahi zuen Irujok finalerako urratsa gauzatuta utzi. Ez zuen lortu, eta amorratuta mintzatu zen partidaren amaieran. Atzo ez. Badaki larunbatean Gonzalez eta Laskuraini irabaztea nahikoa dutela finalean sartzeko. «Sekulako gogoa daukagu jokatzeko, ordainetan jasoko dugun saria finalean sartu ahal izatea delako. Irabazi beharra daukagu. Baina Gonzalezek eta Laskurainek bikote gogorra osatzen dute. Zuhur ibilbi behar dugu», esan zuen.
Kontrarioek baino aukera gehiago dituzte. Haiek 15 tantoz azpitik utzi behar dituzte Irujo eta Merino, eta Xalak eta Barriolak Olaizola II.a eta Beginori irabaztea behar dute. Laskurainek, horregatik, presio guztia kontrarioena dela esan zuen atzo. «Irabazteko beharra Irujok eta Merinok dute. Gu lasai eta kontzentratuta aterako gara, partida on bat jokatzera», zioen Soraluzekoak.
Aukeran jarritako pilotekin nabarmen gustura gelditu ziren Gonzalez eta Laskurain. Joan den larunbatean izan zituztenekin ez dutela zerikusirik eta eurenak zein kontrarioenak pilota ederrak direla nabarmendu zuten. Irujok, beste behin, ez zuten piloten inguruan adierazpenik egin,eta partidaren amaieran galdetzeko eskatu zien kazetariei.
Finalerdietako ligaxkako beste partidarako pilotak gaur bertan aukeratuko dituzte, Eibarren, Xala-Barriolak eta Olaizola II.a-Beginok (11:30).
Irujo: «Bereziki gogorra izan da txapelketa hau niretzat»
Nafarrak dio jasan dituen lesioen ostean finalean sartzeko aukera izatea sekulakoa dela eta zoriontsu dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu