Irujo eta Barriola, pilotalekuaren zain

Jehovaren lekukoen bilerak Asperen asmoak aldaraz ditzake txapeldunaren lehen partidarako

Imanol Magro Eizmendi.
2007ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Puntakoak. Primerakoak. Nahita eginda ere, enpresen ligako buruei kostako litzaieke buruz buruko final-laurden erakargarriagoak osatzea. Zortzi pilotaririk sei txapeldun izandakoak dira, eta kanporaketetako bi bere garaian finalak izan ziren. Maila, emozioa, errebantxak... denetarik dute, eta bi aste barru hasiko dira, non hain garbi ez dagoen arren.

Aspek ikusmin gehien sortu duen kanporaketa antolatuko du, Irujo eta Barriolaren artekoa. Azken orduko eragozpenak aurkitu ditu, baina, eta gaur jakingo du partida Donostiako Atanon antola dezakeen edo ez. Egun berean Jehovaren lekukoen bilera bat egongo da han, eta kirol patronatuak beste leku batean egitea eskaini die. Jehovaren lekukoek ez diote oraindik patronatuaren eskaerari erantzun, eta erabakiaren arabera antolatuko du Aspek jaialdia.

Jaialdia ETBk emango du telebistaz, eta atzo Atanon jokatuko zutela zabaldu zuten. Enpresak goizean eskatu zuen pilotalekua, eta patronatuak hiruzpalau ordu geroago eman zien eragozpenaren berri. Aspek ezingo balu jaialdia Atanon antolatu, Gasteizko Ogetara eramango luke. Jaialdiak ikusmin harrigarria sortu du, eta Eibarko enpresak pilotaleku txikiak alboratu ditu. Hasiera batean jaialdia Eibarko Astelenan jokatzekoa zen, baina finalerdietara arte atzeratu dute asmo hori.

Irujo eta Barriolaren artekoa final-laurdenetan txapeldunen artean egongo den hiru partidetako bat izango da. Leitzako atzelaria 2001ean izan zen buruz buruko txapeldun; Iberokoak, berriz, iaz eta 2004an jantzi zuen txapela. Final-laurdena bien arteko buruz buruko aurreneko partida izango da. Lau t'erdian, aldiz, maiz neurtu dituzte indarrak, eta iaz txapelketako finala jokatu zuten.



KLASIKOA, LABRITEN ZIURRENIK. Final-laurdenetako aurreneko partida maiatzaren 5ean jokatuko da. Lehia klasikoetan klasikoena izango da, eta segur aski, Labriten. Asegarcek ez du pilotalekua ziurtatu. Enpresak gaur dira biltzekoak, baina azken orduko eragozpenik ezean, Iruñean jokatuko da.

Patxi Eugik eta Ruben Belokik 90eko hamarkadan jokaturiko finalak ekarriko dituzte gogora. Bi pilotariek buruz buruko hiru final jokatu zituzten hamarkadaren bukaeran. Bi Belokik irabazi zituen (1998 eta 2000), eta besteak, Eugik (2000). Elkarren aurka jokaturiko azken finaletik buruz buru indarrak neurtu gabeak dira.

Agoizko aurrelariak herenegun lortu zuen finalerako txartela, Bergaran Olaizola I.ari irabazita (22-15). Eugik partida serioa jokatu zuen, itxura ona emanez. Halere, hurrengo partidetan ematen duen mailarekin ez bada gustura gelditzen, manomanistan berriz ere parte hartuko duen ala ez ondo pentsatuko duela aurreratu du. Belokik, ostera, Labritekoa izango du aurreneko partida.



OLAIZOLA ETA RUIZ ERE ZAIN. Final-laurdenak bi asteburutan banatu dituzte enpresek, eta azken bi partidak hamabost egun barru jokatuko dira. Aimar Olaizolak eta Patxi Ruizek buruz buruko txapeldunen arteko hirugarren partida jokatuko dute. Biek 2003ko finala jokatu zuten, eta hartaz geroztik buruz buru indarrak neurtu gabeak dira. Final hark hauts asko harrotu zuen, Olaizolaren lesioaren erruz bi hilabete beranduago jokatu zelako. Ikuskizun tamalgarria izan zen eta Ruizek aise irabazi zuen. Finalaren ostean goizuetarrak sei hilabete egin zituen jokatu gabe.

Ruizek eta Olaizolak oraindik ez dakite non jokatuko duten. Herenegun hainbat hedabidek Iruñean jokatuko zela zabaldu zuten. Asegarcek, baina, oraindik ez du erabaki. Gaurko bilera argigarria izango da zentzu horretan. Dena den, eta ezuste handirik ezean, Labriten jokatuko da. Ruizek txapelketako bigarren partida izango du, Olaizolak, berriz, aurrenekoa.

Final-laurdenetako azken partida Sebastian Gonzalezek eta Oinatz Bengoetxeak jokatuko dute, eta hori da pilotalekua ziurtatuta daukan bakarra. Jaialdiak Aspek antolatuko du eta ohiko pilotalekuan ariko dira: Bergaran, maiatzaren 13an. Kanporaketa horrek ez du hainbeste ikusmin sortu, eta Eibarko enpresak aukera seguruenaren alde jo du. Bengoetxeak hirugarren partida izango du, Gonzalezek, berriz, aurrenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.