Irujo eta Merino II.a elkarrekin ariko dira sanferminetan

Azken urteetan baino pilotari nafar gutxiago egongo dira, sei guztira, eta uztailaren 2ra arte ez dute zehaztuko egutegia

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Sanferminetarako plana prestatzen ari den pilotazaleak beste astebetez itxaron beharko du oraindik. Enpresen Ligak parte hartuko duten bikoteak aurkeztu zituen atzo, baina ez egutegi osoa, lau t'erdiko finalerako sailkatzen diren pilotarien zain baitago. Feriak azken urteetako estruktura klasikoa mantenduko du: bederatzi jaialdi, uztailaren 7tik 14ra, lau t'erdiko finalarekin hasi, eta binakako finalarekin bukatu. Parte hartzaileen multzoan ustekaberen bat espero zen, baina ez. Nabarmentzekoa Irujo-Merino II.a iazko txapeldunak batera ariko direla binakako torneoan.

Feriaren egutegia uztailaren 2an ezagutuko da, ordurako jakingo baita zein bi pilotari ariko diren uztailaren 7ko goizeko lau t'erdiko finalean (11:30). Asegarceko finala larunbat honetan jokatuko dute, Iruñean, Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak. Aspeko adarrean, berriz, ostiral gauean jokatuko dira bi finalerdiak, Sopelan: Barriola Idoateren aurka, eta Irujo Retegi Biren kontra. Irabazleek igandean neurtuko dituzte indarrak, Zarautzen.

Lau t'erdikoaren finalaren egun berean hasiko da binakako torneoa, eta azken urteetan baino parte hartzaile nafar gutxiago izango ditu, sei guztira. Aspek Irujo-Merino II.a, Titin III.a-Barriola eta Xala-Zubieta elkartu ditu. Lekuinekoaren ordez Idoatek jokatuko zuela zabaldu zuten hainbat hedabidek, baina ez zuten asmatu. Asegarcek, berriz, Beroiz kanpoan utzi, eta Apraiz sartu du. Gernikakoak Olaizola II.arekin jokatuko du, Berasaluze VIII.ak Albisurekin, eta Bengoetxea VI.ak Beginorekin. Finala 14an jokatuko da, eta larunbata izan arren, gauez izango da. Gauez jokatuko den feria izango da, 7ko jaialdiak eta 8koa izan ezik, beste guztiak 22:15eanhasiko direlako.

'Pasa'-rekin esperimentatzen

Uztailaren 13an, eta azken urteetan egin bezala, ardoaren desafioa jokatuko da. Lau t'erdiko partida batekin hasiko da, Retegi Bi eta Arretxe II.aren artean, gero binakako bat, eta, azkenik, Urrutikoetxea eta Ezkurdiaren arteko buruz buruko bat. Azken horretan Enpresen Ligak seigarren koadrora aurreratuko du pasa-ko marra. Buruz buruko lehietan sakearen eragina murriztu nahian dabiltza enpresak, eta pasa aurreratzea aukeretako bat da. Aurretik, sakea lau t'erdira atzeratu zuten, eta bigarren sakea kendu. Saioa arrakastatsua bada, ez litzateke harritzekoa aurki txapelketetara hedatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.