Irujo faborito, baina erne

Oinatz Bengoetxeak aski ezagun ditu finalistak. Irujori irabaztear egon zen final-laurdenetan, eta iragan astean Olaizolarekin entrenatu zen.

jon eskudero
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Beti lanak ematen, beti onenen artean, baina oso gutxitan ikusten da final handi batean Oinatz Bengoetxea (Leitza, Nafarroa, 1984). Ilusiorik eta gogorik ez zaio falta, baina bata edo bestea dela, egunhandietan begira egotea tokatzen zaio gehienetan. Igandean telebistaz ikusiko du Irujoren eta Olaizola II.aren arteko lau t'erdiko finala, eta «inbidia» pasatuko duela aitortu du, batez ere Iberokoari irabaztear egon zelako final-laurdenetan: «Sailkatzeko zorian egon nintzen, baina, beti bezala, galdu, eta etxera». 22-17 galdu zuen leitzarrak. Ongi ezagutzen du Irujoren kaiolako jokoa, baita Olaizola II.aren sasoia ere, joan den astean elkarrekin entrenatu baitziren Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Edonork irabaz dezakeela pentsatzen du, baina Irujo jotzen du faborito.

«Biak pilotari ikusgarriak dira, eta txapela janzteko gaitasunik ez zaie falta. Olaizolak nahiko ongi osatuta dauka ezker eskuko hatza, baina behar bezala entrenatzerik ez du izan. Hargatik, Irujo ikusten dut irabazteko hautagai nagusi. Oso indartsu dago». Bengoetxea VI.a argi mintzatu da, eta ez du ezkutatu Goizuetakoak buruhauste dezente izan duela lesioarekin: «Joan den astean nahiko gaizki zeukan hatza, eta astebetean osatu egingo zaio. Halere, baliteke babesak bere jokoa egiten ongi ez uztea. Eskuak egokitzeko denbora behar izaten du».

Bengoetxeak ongi daki zer esaten duen, bere pilotari ibilbidean hatz gehienak hautsi izan baititu, eta sarritan jokatu du babesarekin: «Nahi baino gehiagotan aritu behar izan dut hatzeko babesarekin. Ez da erosoa, baina, tira, ohitzea da kontua. Haustura guztiak dira ezberdinak, eta, egia esan, Olaizolarena ez da onena». Teknikoki abila da Goizuetakoa, eta akaso tantoa amaitzea kostako zaio gehien: «Olaizola ezker gantxoa jotzen izugarri trebea da, baina ez zaio erraza izango pilota gurutzatzea».

Hatzarena gutxi ez, eta aitaren heriotzaren ondorioz, Olaizola II.ak garai txarrak igaro ditu. Horrek fisikoki nahi bezala ez prestatzea eragin dio: «Normalean, partida luzea Olaizolaren onerako izan ohi da, baina oraingoan motza komeni zaiola uste dut», dio Bengoetxeak. Halere, txapelketa osoan ez du ikusi fin: «Mugimenduetan ez da beste batzuetan bezain azkar ibili, eta hori garrantzitsua izan daiteke, Irujok erritmo izugarria jartzen duelako». Iberokoak partida distiratsua egin zuen Barriolaren aurka finalerdietako ligaxkan, eta Olaizolari «halako garaipen bat» falta izan zaiola uste du.

Norgehiagokaren gakoak asko izan daitezke, baina Leitzakoak esaldi batean laburbildu ditu: «Irujoren abiadurari eta erritmoari Olaizolak ematen dion erantzuna izango da gakoa». Final batean, ordea, dena da ezberdina, eta hasieran Irujo faborito iruditu arren «partida irekita» dagoela uste du Bengoetxeak.

Finalean ariko diren bi pilotariek gaur egingo dute pilota aukeraketa Miribillako frontoian, 12:00etan. Ea polemikak ez duen jarraipenik izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.