Juan Martinez de Irujok seigarren aldiz jokatuko du kaiolako finala, atzo arratsean Eibarren Oinatz Bengoetxeari 22-20 irabazi ondoren. Partida sutsua jokatu zuten bi nafarrek, baina Iberokoak, sarri atzetik joanda, irauli egin zuen partida azken tantoetan.
Oker hasi zuen partida Martinez de Irujok, sei tantoko aldea zabaldu baitzuen Bengoetxea VI.ak. Partida erdialderako, ordea, orekatuta zuen berriz markagailua. Berriz ere abantaila hartu zuen Leitzakoak, eta 17-14 jarri zen aurretik. Erritmo bizia eman zion partida amaierari Irujok, eta hala behartu zituen Bengoetxearen akatsak. Azkenean, markagailuan aurreratu eta 20 tantoan utzi zuen Bengoetxea.
Datorren igandean da jokatzekoa finala, baina ikusteke dago ea Olaizola II.ak edo Irujok partida atzeratzea eskatuko ote duten.