Juan Martinez de Irujok 22-13 irabazi dio Mikel Beroizi, Iruñean, eta buruz buruko txapelketako finalerdietarako sailkatu da. Irabazleak Mikel Urrutikoetxea izango du hurrengo aurkari, ondo bidean bi aste barru, baina ez litzateke harritzekoa beste aste bateko atzerapena eskatzea.
Apustuak oso alde izan arren (100-20ri), Irujori kosta egin zaio Beroizi irabaztea. Eskuinez ondo mugitu du pilota, baina ezkerrez ez du gozatu. Minarengatik edo beldurraren erruz, ezkerra ez zuen askatu. Bukaeran, «ondo» zuela esan du, ironikoki baina: «Ezkerra ondo dago. Bi aste barru jokatzea espero dut. Ez dut horretaz hitz egin nahi, bestela astun hutsa naizela esaten didate».
Beroizek oso ondo jokatu du. Lanak eman dizkio Irujori, eta beldur gabe arriskatu du. Sakearen errestoan izan du herrena, zazpi tanto jaso baititu lehen pilotakadarekin. 14-8 gerturatu zaio, baina Irujok saketik eta sake errematean eginiko bi tantok lasaitasuna itzuli diote.
Markagailua. 0-1, 1-1, 6-1, 6-3, 8-3, 8-6, 12-6, 12-8, 18-10, 19-10, 19-13 eta 22-13.