Lau t'erdiko finalaren aste erabakigarrian sartuta, azken prestaketa lanetan dihardute bi protagonistek, eta atzo Irujok entrenatu zuen Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Abel Barriolarekin batera. Ordu eta erdiko lan saio gogorra osatu zuten, eta Iberokoa ongi sentitu zen amaieran, gusturago geratu izan bada ere: «Ongi nago. Akaso orain bi aste gusturago irten nintzen pilotalekutik, baina orain ezin dut hori pentsatu. Finala igandean da, eta nagoen bezala egin behar diot aurre». Kaiolako finalera sailkatu zela hilabete baino gehiago pasatu da jada, eta luze egin zaio itxaronaldia: «Bilbora hainbestetan etortzeaz aspertuta nago. Lehenago buka zitekeen hau guztia, baina itxaroten egon beharra izan dut. Iritsi dadila igandea, nekatuta nago eta».
Prestaketak etengabe aldatu behar izan ditu Irujok, atzerapenaren erruz. Alde horretatik, nahiko haserre dago: «Lehenengotik egun hau jarri izan balitz hobeto izango zen. Nire prestaketak aldatzen ibili naiz, eta ez dira onenak izan. Ea hurrengorako ikasten duten». Hurrengo batean berari gerta dakiokeela esan zuen, baina ez lukeela hainbeste gorabeherarik nahi. Guztia azkar ahaztu, eta finalean besterik ez du pentsatzen orain: «Mota guztietako ariketak egiten saiatu naiz; sakeak egin, errestatu, aire jokoa... Nahiko fresko nago». Laguntzailearen aitzakiarik ez zuen izan.
Olaizola II.a une txarrak bizi dituela badaki Aspekoak, baina partida «zaila» espero du: «Aimar onena da lau t'erdian. Datuek dena esaten dute. Irabazi nahi badiot nire mailarik onena eman beharko dut, pilotari abiadura bizia emanaz. Berak ez du barkatzen, aukerarik txikienean tantoa bukatzen baitu». Pilota aukeraketa bihar bertan egingo da, eta Irujok pilotakada batzuk jotzeko baliatuko badu ere, ez du lan saio gehiagorik egingo. Fresko iritsi nahi du igandera.
Zeberio II.a-Ion, finalera
Zeberio II.ak eta Ionek binakako Azysa txapelketaren finalerako txartela lortu zuten atzo, Euskalen, Matxin III.a eta Urrutiari 40-25 irabazita. Elkarren kontra jokatu zuten lehen partidan 40-21 nagusitu ziren gipuzkoarrak, eta atzo ere ez zieten inolako aukerarik eman aurkariei. Hala, ez da hirugarren norgehiagokaren beharrik izango. Askoz gehiago izan ziren irabazleak, lehen tantotik aurrea hartu zuten, eta ongi eutsi zioten aldeari. Bi neurketatik bi irabazita, merezimendu osoz jokatuko dute finala Zeberio II.ak eta Ionek.
Juaristi-Lizaso edo Ezkurra-Aizpurua bikotea izango dute aurkari gipuzkoarrek. Juaristi eta Lizaso 40-24 nagusitu ziren lehen partidan, eta bihar jokatuko dute bigarrena, Galarretan.
Irujo: «Irits dadila igandea, dagoeneko nekatuta nago eta»
Lau t'erdiko finalerako azken lan saioa egin du Aspekoak Barriolarekin, eta «prest eta ilusioz» dagoela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu