Irujo: «Pilotak oso motelak dira, atzelariak akabatzeko modukoak»

Iberokoa etzi itzuliko da binakako txapelketara, eta oso gogor kritikatu ditu Labriteko saskian aurkitu dituen pilotak

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Juan Martinez de Irujo itzuli da binakakora, eta bere eskutik gatza eta eztabaida. Iberokoaren eskuin eskuak hobera egin du, eta azken bi partidei uko egin ondoren, etzi itzuliko da txapelketara. Irujok atzo egin zuen azken proba, Iruñeko Labriteko pilota aukeraketan, eta gustura gelditu zen, baina urrun omen du sasoirik onena. «Inondik ere ez nago sasoi betean; eskuak justu ditut oraindik». Beraz, bera egongo da Merinoren alboan Gonzalez eta Laskurainen aurkako partidan.

Albistea, baina, pilota aukeraketak eman zuen, Irujok aspaldiko partez piloten inguruan hitz egin zuelako, eta eztena zorrotz zuen: «Pilotak motelegiak dira, atzelariak akabatzeko modukoak. Pilotakada gehiago jo behar dira, eta, hala ere, ez dira partidak hausten». Iberokoa eta Merino II.a pilota bizien bila aritu ziren saskian, eta aurretik, Gonzalezek eta Laskurainek zeuden bizienak hartuak zituzten, eta eurek ere esan zuten motelak zirela.

Kexa, baina, ez zen atzoko piloten ingurukoa bakarrik, txapelketa guztira hedatu baitzuen. «Pilota motelegien alde egiten ari dira, eta ez dio mesederik egiten ikuskizunari. Hobe litzateke partida motzagoak balira eta erritmo biziagokoak. Pilotak baxuak dira, eta, gainera, higatu egiten dira. Aurrekoan Beginok zortzigarren koadrora bidali zuen pilota ez zen errebotera iritsi; hau onartezina da». Bestalde, Iruneko aukeraketan ez zen arazorik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.