Pilota

Irujok ez du jokatuko ostiralean

Eskuko minez dago eta Altuna III.ak ordezkatuko du. Beroizek eta Xalak, aldiz, jokatuko dute.

Irujo, Bengoetxea VI.a eta Aretxabaletaren aurkako partidan, urteberri egunean. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko urtarrilaren 14a
13:41
Entzun

Juan Martinez de Irujo eskuko minez dago eta ez du jokatuko ostiralean, binakako txapelketako partidan. Goizean eskuin eskuko minez esnatu da eta partida bertan behera uztea erabaki du. Bere ordez Altuna III.a ariko da Donostian, Ceciliorekin, Barriolaren ordez, Artola eta Albisuren aurka. Bigarren astez jarraian ordezkoekin osaturiko bikote bat egongo da: Altuna III.a-Cecilio.

Xala eta Mikel Beroiz, aldiz, txapelketara itzuliko dira. Iragan astean arazo fisikoen erruz jokatzeari uko egin ondoren, proba bana egin eta jokatzeko moduan daudela ikusi dute. Xalak hiru aste egin ditu geldirik gerriko lesio baten erruz, baina atsedenak mesede egin dio eta osatu da. Igandean jokatuko du, Mungian, Merino I.arekin, Berasaluze II.a eta Zubietaren aurka. Merino I.ak anaiaren ordez jokatuko du, Merino II.ak eskuko minez jarraitzen baitu.

Beroizek ere jokatuko du. Eskuak hobera egin dio eta jokatuko duela aurreratu du. Iruñean jokatuko du, larunbatean, Olaizola II.arekin, Bengoetxea VI.a eta Aretxabaletaren aurka.

Asteburuko azken zalantza Beñat Rezusta da. Bergarako atzelariak eskua nahiko justu du eta, ondo bidean, bihar, pilota aukeraketan, argitu beharko luke jokatuko duen ala ez. Astelehenean du partida, Tolosan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.