Apustuak nahikoa berdinduta zeuden arren, Aimar Olaizolaren aldeko zen hasieran dirua. Berak ere ohartarazia zuen ez zela betiko jokoa txapelketan egiten ari zena, eta Juan Martinez de Irujo, aldiz, indartsu zegoela. Hasieratik aurretik joan da Iberokoa, nahiz eta bederatzi puntura berdintzea lortu duen goizuetarrak eta dena galdua zirudienean ere, zazpi tantu egin dizkio segidan Irujori.
Ahaleginak ahalegin, ordea, Olaizola ez da gai izan Irujoren abiadurari aurre egiteko. Biek ala biek egin dituzte akatsak, goizuetarrak Iberokoak baino gehiago, eta horrek erabaki du azkenean lau t'erdiko txapelketako finala. 55 minutu eta 300 pilotakada nahikoak izan ditu Irujok gailentzeko.
"Gaizki zaudenean beste era batera jokatu behar duzu, eta saiatu naiz. Baina bolearekin min handia egin dit", aitortu du Olaizolak partida amaitutakoan. "Nekatuta egon naiz, txisparik gabe. Irabaztea beti da zaila eta Irujok aurten oso ondo jokatu du".
Irujo ere ez da erabat gustora geratu egindako lanarekin. "Aimarrek aurka egin dit. Agian ez da oso partida ikusgarria izan, baina bai gogorra". Harrituta Iberokoa bera ere garaipenarekin: "Ez nuen uste irabaziko nuenik. Akats txoro asko egin ditugu".
Goizuetakoak txapelketan egindako lanak, ordea, zer esanik eman du botileroen artean ere. Patxi Eugik halaxe esan du: "Olaizolak baditu 35 urte eta azken urteetan oso maila ona eman du. Ezinezkoa da maila horri betirako eustea. Dena den, gaur galdu izanak ez du esan nahi bere geroaz hitz egiten hasi behar dugunik. Asko du oraindik erakusteko".