Juan Martinez de Irujori onartu egin diote Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako hirugarren jardunaldiko partida atzeratzeko eskaera. EITBk eman du albistearen berri, partida hori zuzenean emateko eskubideak dituen telebista kateak. Ezkerreko eskua minduta duenez, ez du igande honetan jokatuko Xala eta Zubietaren aurka, hilaren 27an baizik. Atzerapen horrek finalari ere eragingo dio eta hura ere astebete geroago jokatuko da: maiatzaren 1ean, osteguna, edo 4ean, igandean. Finala Bilbon jokatuko da.
Enpresen Ligako epaile bakarrak ontzat eman du Irujok eginiko eskaera. Pilotariak eskua uste baino minduago zuela bukatu zuen iragan larunbateko partida. Arautegiak ez du halakorik egin daitekeenik zehazten, ordezko batek jokatu beharko lukeela dio, baina argitu gabeko auziak epailearen esku uzten ditu. Iaz, 2. Mailako txapelketan, egoera berdina bizi izan zen, ordukoan, baina, finala ez zen atzeratu, ligaxkako partida baino ez.