Ukaezina da jokalari nafarrek Athleticen gaur egun duten garrantzia: ohikoa da Iraizoz, San Jose, Gurpegi, Orbaiz, Ekiza, Muniain eta Javi Martinez zuri-gorrien hasierako hamaikakoan ikustea. Fernando Llorente ere Iruñean jaioa da, Rincon del Sotokoa (Errioxa) izanagatik. Eta taldeko beste errioxarrak ere, David Lopezek, urte batzuk egin zituen Osasunan. Biharko derbian, Osasunan baino nafar gehiago ariko dira Athleticen. Beste datu deigarri bat ere izango du derbiak, nafar gehien duten bi taldeen neurketan Osasunako harrobitik irtendakoak adina edo gehiago izan baitaitezke Nafarroako beste klub batzuetatik irtendako jokalariak. Eta klub guztien artean Txantrea Kirol eta Kultur Elkartea nabarmentzen da: Iraizoz, Ekiza, San Jose eta Muniain han hasi ziren futbolean.
Osasunak lau nafar zelaira ditzake bihar: Flaño, Monreal, Puñal eta Kike Sola. Osasunako harrobian baino urte gehiago egin zituen Athleticen harrobian Solak, baina beste hiru jokalariak Taxoareko harrobiko lanaren eredu dira. Orbaiz ere Osasunaren harrobiko harribitxi bat da, eta Javi Martinez ere bai. Aiegikoa zigortuta dago, dena dela, eta ez du jokatuko. Horrenbestez, eta dirudien bezala David Lopezek hasieratik jokatzen ez badu behintzat, Taxoareko harrobitik irtendako lau jokalari izango dira zelaian, bost Sola aintzat hartuz gero. Eta Muniainek arazo fisikoak gaindituz gero, Orbaizez gain, beste bost nafar ariko dira Athleticen: Txantreako harrobitik irtendako laurak eta Gurpegi, Lizarrako Izarra taldetik Lezamara joana.
«Guretzat gauza handia da gure klubetik irtendako lau jokalari Lehen Mailan lehiatzen ikustea, baina, egia esan, igandean Osasunaren aurkari direlako ez da egun bereziagoa izango. Berdin zaigu, Osasunaren aurka aritu ordez, Bartzelonaren aurka edo beste edozeinen aurka ari badira. Gure mutilak Lehen Mailan ikusteak sentiarazten gaitu harro, ez haiek Iruñean Osasunaren aurka lehiatzen ikusteak», esan dio BERRIAri Jose Luis Nagorek, Txantrea klubeko futbol saileko presidenteak.
Cascanteko Aluvion, Faltzesko Falcesino eta Iruñeko Pamplona eta Txantrea dira Athleticekin hitzarmena duten Nafarroako lau klubak. Azken urteetan, Txantrea beste hiruren gainetik dago Athleticen jokalari hornitzaileen artean, dena dela. Iraizoz, Ekiza, San Jose eta Muniainez gain, Iñigo Perezek ere Athleticen hasi zuen denboraldia —egun Huescan ari da, utzita—, eta Txantreatik irtendakoa da hura ere. Nagore apal mintzo da, halere: «Azken 38 urteetan Athleticekin ari gara lanean, eta lehen taldeari jokalaririk eman gabeko urteak asko izan dira. Urte askotako lanaren truke jasotako saria da guretzat orain gure harrobiko lau jokalari Athleticekin Lehen Mailan lehiatzea. Inoiz imajinatu ezin genuen zerbait da».
Harreman ona Osasunarekin
330 jokalari ditu Txantreak, eta 60 bat entrenatzaile eta koordinatzaile. Maila guztietan dute talderen bat, eta talde nagusia Hirugarren Mailan ari da. Eta Txantreatik irtendako dozena bat teknikari ari dira gaur egun Lezaman lanean. Athleticekiko zaletasuna oso hedatuta dago Txantrea auzoan, hori argi dago. Nagorek ez du uste, dena dela, Athletic eta Osasuna gustuko izatea bateraezina denik. «Txantrean denetarik dago; zale zuri-gorri asko daukagula ukatzerik ez dago, baina ziur nago gure taldeetako jokalari asko Osasunako bazkide direla. Eta hori ez da kontraesana. Gu oso gustura gaude Athleticekin dugun akordioarekin; oso ondo zaintzen gaitu, eta gustura zaudenean aldatzerik ez duzu nahi izaten. Baina harreman ona daukagu Osasunarekin. Mateo ere [Jose Manuel Mateo] Txantreatik irtendakoa da, eta Osasunarekin jokatu zuen Lehen Mailan, esaterako. Athleticen jokatzen dutenekin bezain harro gaude Mateorekin edo haren moduan hemendik irten eta beste talde batzuetara joan direnekin: Belloso eta Gracia Realean aritu ziren; Uriz Logroñesen; Irigibel, Sola eta CasadoOsasunarekin… ».
Athleticek Nafarroan egindako lanak behin baino gehiagotan eragin ditu Osasunaren kritikak, baina Nagorek ez du polemikarik nahi. «Athleticen behatzaileak Osasunaren harrobiko jokalariren bat fitxatzen ahalegintzen direnean izaten dira liskarrak, batik bat. Baina guk ez dugu horrekin zerikusirik; harreman ona daukagu Osasunarekin. Hura da Nafarroako klub indartsuena, eta gu haren aurkari onena izaten saiatzen gara. Lehen Mailan mundu guztiak Real Madrili eta Bartzelonari irabazi nahi izaten dion bezala, gu Osasuna menderatzen saiatzen gara, eta ez gu bakarrik: Donibane, Oberena eta Osasunarekin akordioak dituzten klub guztien helburua ere hori izaten da. Guretzat berezia da Osasunari irabaztea, baina lehia sanoa da. Eta Cuellarrek [David Cuellar Athleticeko jokalari ohia] edo Muniainek lehia hori aipatu zuten euren adierazpenetan, Osasuna haientzat beti aurkaria izan dela eta gorritxoekiko miresmen berezirik ez zutela, alegia. Baina badakigu 17 urteko mutil bati aurrean mikrofonoa jartzen diozunean zer gertatzen den. Txikitatik Athleticen zalea dela besterik ez zuen esan Ikerrek, eta egia da, nahiz eta 5-6 urte zituenean Bartzelona ere asko gustatzen zitzaion».
Txantreako harrobitik irten eta Osasunarekin Lehen Mailan ari den azken jokalaria Mateo erdiko atzelaria izan zen. Gaur egun, Osasunako gazteak entrenatzen ari da, Alavesen erretiroa hartu eta gero. Osasunaren eta Txantrearen arteko lehiari buruz galdetuta, hauxe esan duMateok: «Ni urte askotan aritu nintzen Txantrean, eta han Osasuna da garaitu beharreko taldea; erreferentzia bat da, Nafarroako talde indartsuena. Txantrea talde indartsua da, era berean, eta argi dago Osasuna dela Txantrearen aurkaririk gogorrena. Txikitatik barneratzen dute Txantreako jokalariek hori, eta berriro diot: hori ona da guretzat, beste zenbait taldek ezin baitute estu hartu Osasuna».
Mateoren arabera, Txantreako arduradunek Athleticen pentsatzen dute helburuak jartzean, baina jokalarien artean denetarik dago, eta Osasuna gustuko duenik ere bada Txantrean. Osasunako jokalari ohiak, hala ere, aitortu du «Athleticen harra sartzen» saiatzen direla. «Baina ni ez naiz inoiz Osasunaren kontrakoa izan», zehaztu du. «Lezaman entrenatzeko aukera izan nuen, eta proba egin zidaten, baina, Txantreako maila guztietan aritu ostean 18 urterekin Hirugarren Mailako taldean ari nintzenean, Osasuna B-k deitu ninduen, eta ez nuen zalantzarik izan: hemengoarekin identifikatzen nintzen. Egia da Athleticen eskaintza zehatzik ez nuela jaso, baina Osasunak deitu ninduenean ez nuen beste ezertan pentsatu ere egin. Oso argi izan nuen hasieratik: nafarra naiz, eta Osasuna Athleticen aurretik dago. Dena den, Txantreatik irtenda uler dezaket Cuellar, Muniain eta enparauak Athleticen zale bakarrik sentitzea».
Iruñeko 'lehoiak'
Athleticen jokalari hornitzaile onena bilakatu da Iruñeko Txantrea auzoko kluba. Handik ateratako lau jokalari, Iraizoz, Ekiza, San Jose eta Muniain, hasieratik ari daitezke bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu