Pilota

Iruñeko Oberenak irabazi du XVIII. Berria Txapelketa

Borrokatua izan da Ultzamako Buruzgainen aurkako finala. Hernanin elkartutako pilotazaleek eskerrak eman dizkiete Rufino Rekalde eta Martxelo Otamendi antolatzaileei; printzipioz, lehiaketa ez da berriz antolatuko aurrerantzean.

Iruñeko Oberenako pilotariak txapela jantzita, gaur, Hernanin (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Jon Eskudero - Paulo Ostolaza
2023ko ekainaren 25a
20:36
Entzun

Pronostikoak bete dira XVIII. Berria Txapelketaren finalean: Iruñeko Oberena faboritoa izan da txapeldun, baina gogotik lan eginda. Ez dizkio gauzak erraz jarri Ultzamako Buruzgainek, eta emozioz betetako arratsaldeaz gozatu ahal izan dute pilotazaleek Hernaniko (Gipuzkoa) udal pilotalekuan.

Izan ere, lehen partidan, kadete mailakoan, Buruzgainek lortu du puntua, eta horrek bizia eman dio lehiari. Aldaz-Martikorenak 22-13 irabazi diete Rekalde-Olzari; partida gogorra izan da, baina bigarren zatian gehiago asmatu dute irabazleek.

Lehia gazte mailako norgehiagokari esker berdintzea espero zen, eta hala izan da: Oberenako Sarasibar eta Santestebanek 22-7 irabazi diete Buruzgaineko Barberena eta Garañori. Santestebanek erakustaldia eman du atzean, eta Sarasibar bikain ibili da tantoa amaitzeko orduan.

Finala, beraz, maila nagusiko partidaren esku geratu da. Oberenako Canabal-Aldabe eta Buruzgaineko Iriarte-Oliden izan dira aurrez aurrez, eta hasiera bereziki gogorra izan da (10-10). Bigarren zatian, ordea, Canabalek asko asmatu du, eta Iruñeko bikoteak erreskadan egin ditu azken hamabi tantoak (22-10). Titulua, beraz, Oberenak lortu du.

Finala bukatutakoan, pilotazaleek esker ona adierazi diete 18 urtez txapelketa antolatu duten Rufino Rekalderi eta Martxelo Otamendiri, eta txaloz agurtu dituzte. Txapelketa, inork segidarik eman ezean, ez da berriz antolatuko.

Ikusi gehiago:Emakumezkoen finalaren kronika: emozioa eta kalitatea, sobera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.