Javier Iruretak (Irun, Gipuzkoa, 1948) baiezkoa eman du. Euskadiko Futbol Federazioak hari eskaini dio Jose Anjel Iribarrek selekzioan utzitako hutsunea betetzea, eta Iruretak onartu egin du eskaintza. Lezamako zuzendari teknikoa da egun Irureta, lan horretan jarraituko du aurrerantzean ere, baina selekzioaren hautatzaile lanetan ere ariko da Mikel Etxarrirekin batera. Maiatzaren 25ean zuzenduko du Iruretak bere lehen partida, Tallingo Le Cog Arena estadioan. Estoniaren kontra lagunartekoa du egun horretan Euskal Selekzioak.
Athleticeko presidente Fernando Garcia Makuaren baimenarekin lortu du federazioak Irureta izatea selekzioa hautatzaile berria. Baldintza bakarra jarri zion Garcia Makuak federazioari: hautatzaile postuak Lezamako bere eguneroko lana ez oztopatzea. Behin hori argituta, Iruretak «ilusioz beteta» eman du baiezkoa. «Oso maila oneko jokalariak» dituela eta ahalik eta lan txukunena egiten saiatuko dela esan zion atzo ETBri. Ofizialtasunaren gaian ez zuen sartu nahi izan. «Ni ezin naiz horretan sartu. Kirol ikuspegitik oso garrantzitsua da horrelako partidak jokatzea, gure maila beste selekzio batzuenarekin neurtzeko».
Irureta eskarmentu handiko entrenatzailea da. Logroñes, Oviedo, Racing, Athletic, Reala, Celta, Deportivo eta Zaragoza zuzendu ditu. 600 partida baino gehiago egin ditu Lehen Mailan, eta Liga bat eta Kopa bat irabazitakoa da Deportivorekin.
Iruretak hartuko du Iribarren lekua selekzioko hautatzaile postuan
Estonian egingo du debuta, maiatzaren 25ean, eta Etxarrirekin batera zuzenduko du bere lehen partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu